4 «Ba al duzu zertan horrela sumindurik?», galdetu zion Jaunak.
5 Hiritik irten eta Niniveren ekialdean gelditu zen Jonas. Han etxola bat eraiki eta itzalean eseri zen, hiriari zer gertatuko begira.
6 Orduan, Jainko Jaunak landare bat hazarazi zuen, Jonas baino handiagoa, buruan itzala eman ziezaion eta bere sukarretik libra zezan. Jonas biziro poztu zen landarearekin.
7 Baina biharamun egunsentian har bat bidali zuen Jainkoak; harrak jo eta landarea ihartu egin zen.
8 Eguzkia atera zenean, Jaunak hego-haize sargoritsua bidali zuen; eguzkiak Jonas buruan jo zuen, ia kordegabe uzteraino. Eta heriotza opa izan zuen: «Hobe dut hil, bizi baino!»
9 Orduan, Jainkoak esan zion:—Ba al duzu zertan horrela sumindurik, landarea dela eta?—Bai horixe, badut zertan sumindurik, heriotza opa izateraino sumindu ere —erantzun zion Jonasek.
10 Jaunak, orduan:—Landare honek ez dizu lanik eman, ez da zuk zaindurik hazi. Egun batetik bestera sortu eta ihartu da. Hala ere, zuk erruki diozu.