5 «Neure itunaz bizia eta bakea agindu nizkion Lebiri, baita eman ere. Begirunea eskatu nion; hark begirune izan zidan, eta ikara izan zen nire aurrean.
6 Egiazko irakaspena zuen Lebik ahoan; haren ezpainetan ez zen inoiz okerrekorik aurkitu. Leial eta zuzen jokatu zuen nirekin, asko eta asko gaiztakeriatik urruntzen zituelarik.
7 Izan ere, apaizen egitekoa ni ezagutzen irakastea da; irakaspen jatorra eskatzen zaio apaizari, Jaun ahalguztidunaren mandataria baita.
8 «Zuek, ordea, apaizok, bidetik okertu egin zarete eta asko eta asko erorarazi duzue zeuen irakaspenaz. Lebirekin nuen ituna hautsi egin duzue. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.
9 Beraz, nik ere mespretxagarri eta kaskar egingo zaituztet herri guztiarentzat, nire bideak jarraitu ez dituzuelako eta erabakiak zein nor den begiratuz hartu dituzuelako».
10 Ez al dugu guztiok Aita bat bera? Ez al gaitu guztiok Jainko berak egin? Zergatik gabiltza, bada, elkar engainatuz, Jainkoak gure gurasoekin egindako ituna hausten dugularik?
11 Judako jendea desleiala da, eta ikaragarriak ari dira gertatzen Israelen eta Jerusalemen. Jainkoak maite duen santutegia profanatu du Judako jendeak, eta jainko arrotzak gurtzen dituzten emakumeekin ezkondu dira.