1 Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Hor bidaltzen dizuet neure mandataria, niretzat bidea prestatzera. Bat-batean sartuko da bere tenplura bilatzen duzuen nagusia. Nire ituna iragarriko duen mandataria irrika duzue; horra non datorren!»
2 Nork aurpegi eman haren etorrera-egunari? Nork zutik iraun hura agertzean? Metala birfintzeko sua bezala, arropa garbitzeko lixiba bezala izango da.
3 Epaitzeko eseriko da. Zilarra eta urrea birfintzen eta garbitzen dituenak bezala garbituko ditu Lebiren ondorengoak, Jaunari opariak behar bezala eskain diezazkioten.
4 Orduan, Judaren eta Jerusalemen oparia atsegin izango zaio Jaunari antzina bezala, lehengo garaietan bezala.
5 Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Zuek auzitara eramatera etorriko naiz. Zorrotz salatuko ditut sorginkeria-zale, adulteriogile eta gezurrezko zin-egileak; langileei soldata gutxitzen, alargunak eta umezurtzak zapaltzen eta etorkinak gaizki erabiltzen dituztenak, begirunerik ez didaten guztiak salatuko ditut.
6 «Ni, Jauna, ez naiz aldatu; baina zuek ere Jakoben ondorengo izaten jarraitzen duzue:
7 zuen arbasoak bezalaxe, nire aginduetatik aldendu egin zarete, ez dituzue bete. Itzuli, beraz, zuek niregana, eta itzuliko naiz ni zuengana. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak. Baina hau diozue: “Zergatik behar dugu zuregana itzuli?”
8 Eta nik erantzun: “Iruzur egin ote diezaioke gizakiak Jainkoari, zuek niri egiten didazuen bezala?” “Zertan egiten dizugu, bada, iruzur?”, galdetzen duzue oraindik. Hamarrenak eta dohainak ematerakoan egiten didazue iruzur.
9 Madarikaziopean eroriak zaudete, beraz, den-denok iruzur egiten didazue eta.
10 Hona zer diotsuedan nik, Jaun ahalguztidun honek: Ekarri osorik zeuen hamarrenak tenpluko altxortegira, nire etxean zer jana egon dadin. Proba nazazue horretan, eta ikusiko duzue nola zeruko atexkak irekitzen dizkizuedan eta bedeinkazioa ugari isurtzen.
11 Matxinsaltoari ez diot utziko zuen soroetan uzta hondatzen, ezta mahastiak agorrarazten ere. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.
12 Orduan, nazio guztiek zorionak emango dizkizuete, lurralde zoragarria izango baita zuena. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak».
13 Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Hitz gogorrak esan dituzue nire aurka. Eta, hala ere, “Zer esan dugu, bada, zure aurka?” galdetzen duzue.
14 Hara zer esan duzuen: “Alferrik da Jauna zerbitzatzea. Zer lortzen dugu haren aginduak beteta, Jaun ahalguztidunaren aurrean dolu eginda?
15 Guztiz bestela, harroak direla zoriontsu ari gara ikusten. Gaizkileak gero eta hobeto bizi dira eta, Jainkoari desafio eginda ere, zigorrik gabe gelditzen dira” ».
16 Orduan, Jaunari begirune ziotenak elkarren artean mintzatu ziren. Jaunak, berriz, entzun eta jaso egin zuen hauen esana. Jaunaren aurrean liburu bat idatzi zen, berari begirune diotenen eta aintzat hartzen dutenen oroigarritzat.
17 Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Neureak, neure jabego berezia izango ditut horiek, ekingo diodan egunean. Gupida izango diet, ondo portatzen den semeari aitak gupida dion bezala.
18 Orduan ikusiko duzue berriro zintzoaren eta gaiztoaren arteko aldea, Jauna zerbitzatzen duenaren eta zerbitzatzen ez duenaren arteko aldea.
19 Honela diot nik, Jaun ahalguztidun honek: Badator eguna, labea bezain kiskalgarria. Harro eta gaizkile guztiak lasto izango dira, eta etortzekoa den egun horretan erre egingo; ez die utziko ez sustrairik, ez abarrik.
20 Baina zuentzat, begirune izan didazuenontzat, eguzkia bezala agertuko da nire justizia, errainuetan osasuna dakarrela. Eta poz-jauzika aterako zarete, ukuilutik askaturiko zekorra bezala.
21 Nik ekingo diodan egun horretan, gaizkileak zapaldu egingo dituzue: hautsaren pareko izango dira zuen hankapean. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.
22 «Gogora nire zerbitzari Moisesen legea, gogora Horeb mendian Israel osoarentzat eman nizkion agindu eta arauak.
23 Baina begira, Jaunaren eguna, egun handi eta ikaragarria, iritsi baino lehen, Elias profeta bidaliko dizuet.
24 Gurasoak seme-alabekin eta seme-alabak gurasoekin bakearaziko ditu. Horrela, zuen lurraldea suntsitzera etorri beharrik ez dut izango».