2 Nork aurpegi eman haren etorrera-egunari? Nork zutik iraun hura agertzean? Metala birfintzeko sua bezala, arropa garbitzeko lixiba bezala izango da.
3 Epaitzeko eseriko da. Zilarra eta urrea birfintzen eta garbitzen dituenak bezala garbituko ditu Lebiren ondorengoak, Jaunari opariak behar bezala eskain diezazkioten.
4 Orduan, Judaren eta Jerusalemen oparia atsegin izango zaio Jaunari antzina bezala, lehengo garaietan bezala.
5 Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Zuek auzitara eramatera etorriko naiz. Zorrotz salatuko ditut sorginkeria-zale, adulteriogile eta gezurrezko zin-egileak; langileei soldata gutxitzen, alargunak eta umezurtzak zapaltzen eta etorkinak gaizki erabiltzen dituztenak, begirunerik ez didaten guztiak salatuko ditut.
6 «Ni, Jauna, ez naiz aldatu; baina zuek ere Jakoben ondorengo izaten jarraitzen duzue:
7 zuen arbasoak bezalaxe, nire aginduetatik aldendu egin zarete, ez dituzue bete. Itzuli, beraz, zuek niregana, eta itzuliko naiz ni zuengana. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak. Baina hau diozue: “Zergatik behar dugu zuregana itzuli?”
8 Eta nik erantzun: “Iruzur egin ote diezaioke gizakiak Jainkoari, zuek niri egiten didazuen bezala?” “Zertan egiten dizugu, bada, iruzur?”, galdetzen duzue oraindik. Hamarrenak eta dohainak ematerakoan egiten didazue iruzur.