1 Noemik bazuen bere senar Elimeleken aldetik ahaide bat, aberatsa eta itzal handiko gizona, Booz zeritzana.
2 Rutek esan zion Noemiri:—Joan al naiteke sorora igitariek uzten dituzten garagarburuak biltzera? Aurkituko ahal dut bere ondoren biltzen utziko didanen bat!Noemik erantzun:—Zoaz, alaba.
3 Hala, sorora joan eta igitarien atzetik garagarburuak biltzen hasi zen Rut. Hain zuzen ere, Elimeleken ahaide Boozen sailean suertatu zen.
4 Handik laster, Booz berbera etorri zen Belendik eta esan zien igitariei:—Jauna zuekin.Haiek erantzun:—Jaunak bedeinka zaitzala.
5 Boozek galdegin zion igitari-buruari:—Nor dugu neska hau?
6 Hark erantzun:—Noemirekin Moabetik etorritako neska atzerritar hura.
7 Igitarien atzetik garagarburuak biltzeko baimena eskatu dit. Goizetik oraintsu arte aritu da lanean eta utzi berria du, itzalean atseden hartzeko.
8 Orduan, esan zion Boozek Ruti:—Adizu! Ez zaitez joan soro honetatik beste inora garagarburuak biltzera. Jarrai hemen lanean nire morroiekin.
9 Begira zein sailetara doazen biltzera eta joan beraien atzetik. Nire morroiei zuri bakean uzteko eskatu diet. Egarri zarenean, edan haiek betetako ur-ontzietatik.
10 Rutek, lurreraino ahuspezturik, esan zion Boozi:—Zer dela-eta arduratzen zara nitaz, eta hartzen duzu hain bihotz onez atzerritar hau?
11 Boozek erantzun:—Senarra hil zitzaizunez gero, amaginarrebarekin nola jokatu duzun kontatu didate: nola zeure aita-amak eta sorterria utzi eta aurrez ezagutzen ez zenuen herri batera etorri zaren.
12 Jaunak ordain diezazula egin duzun guztia eta eman diezazula saria luzaroan Israelgo Jainko Jaunak, honen babesera etorri baitzara.
13 Rutek ihardetsi zion:—Bai ona zarela nirekin, jauna! Zure mirabeetako edozein baino gutxiago nauzun honi bihotzera mintzatu zatzaizkio.
14 Bazkal orduan Boozek esan zion Ruti: «Zatoz, hartzazu ogi-puska bat, busti saltsatan eta jan».Eseri zen, bada, Rut igitarien ondoan eta Boozek xigortutako ale eskutada bat eskaini zion. Hark asetzeraino jan zuen eta, halere, sobera geratu zitzaion.
15 Gero, garagarburuak biltzera joan zenean, Boozek agindu hau eman zien morroiei: «Utz iezaiozue garagar-sortetatik ere biltzen, eragozpenik gabe.
16 Are gehiago, sortetatik garagarburuak aterako dituzue eta apropos erortzen utziko, berak jaso ditzan. Ez egin errietarik».
17 Arratsa arte garagarburuak biltzen aritu zen soroan eta, garagarra jo ondoren, hogeita hamar bat kilo atera zituen.
18 Gainean harturik, herrira itzuli eta amaginarrebari erakutsi zion bildutako guztia. Bazkaritik geratua ere eman zion.
19 Noemik galdegin zion:—Non aritu zara gaur garagar-biltzen? Noren soroan egin duzu lan? Jaunak bedeinka beza zutaz arduratu den hori.Rutek, orduan, Booz izeneko baten soroan lan egin zuela kontatu zion Noemiri.
20 Honek esan zion:—Jaunak bedeinka dezala gizon hori, Jaunak bere onginahia agertzen baitie biziei nahiz hilei. Booz —erantsi zuen— hurbileko ahaide dugu, legez gu zaintzeko ardura dutenetarikoa.
21 Rutek, orduan:—Zera esan dit gainera: bere igitariekin garagarburuak biltzeko, uzta osoa amaitu arte.
22 Noemik esan zion Ruti:—Bai, alaba, askoz hobe duzu Boozen soroan beraren morroiekin lan egin, beste inoren sorotan gogaitaraz ez zaitzaten.
23 Beraz, Boozen morroiekin lan eginez eta garagarburuak bilduz aritu zen Rut, garagar eta gariaren uzta-biltzea bukatu arte. Eta amaginarrebarekin jarraitu zuen bizitzen.