7 Igitarien atzetik garagarburuak biltzeko baimena eskatu dit. Goizetik oraintsu arte aritu da lanean eta utzi berria du, itzalean atseden hartzeko.
8 Orduan, esan zion Boozek Ruti:—Adizu! Ez zaitez joan soro honetatik beste inora garagarburuak biltzera. Jarrai hemen lanean nire morroiekin.
9 Begira zein sailetara doazen biltzera eta joan beraien atzetik. Nire morroiei zuri bakean uzteko eskatu diet. Egarri zarenean, edan haiek betetako ur-ontzietatik.
10 Rutek, lurreraino ahuspezturik, esan zion Boozi:—Zer dela-eta arduratzen zara nitaz, eta hartzen duzu hain bihotz onez atzerritar hau?
11 Boozek erantzun:—Senarra hil zitzaizunez gero, amaginarrebarekin nola jokatu duzun kontatu didate: nola zeure aita-amak eta sorterria utzi eta aurrez ezagutzen ez zenuen herri batera etorri zaren.
12 Jaunak ordain diezazula egin duzun guztia eta eman diezazula saria luzaroan Israelgo Jainko Jaunak, honen babesera etorri baitzara.
13 Rutek ihardetsi zion:—Bai ona zarela nirekin, jauna! Zure mirabeetako edozein baino gutxiago nauzun honi bihotzera mintzatu zatzaizkio.