1 Joan
Kapituluak 1
Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)
Begizko testiguaren iragarpena
1Hasieratik zen biziaren hitza, entzun eta geure begiz ikusi duguna, begiratu eta geure eskuz ukitu duguna, iragartzen dizuegu.
2Izan ere, bizia agertu egin zen, ikusi egin dugu eta beronen lekuko gara; Aitarekin zegoen eta guri agertu zitzaigun betiko bizia iragartzen dizuegu.
3Ikusi eta entzun duguna dizuegu zuei ere iragartzen, zuek ere gurekin elkartasunean bizi zaitezten. Eta gure elkartasuna Aitarekin eta honen seme Jesu Kristorekin da.
4Eta gauzok idatzi, gure poza bete-betea izan dadin idazten ditugu.
Jainkoa argia da
5Hona hemen Jesu Kristogandik entzuna dugun mezua eta zuei iragartzen dizueguna: Jainkoa argia da, eta berarengan ez da inolako ilunik.
6Berarekin elkartasunean bizi garela esan eta ilunpetan baldin bagabiltza, gezurra diogu eta ez gara egiaren arabera ari.
7Baina argitan bagabiltza, Jainkoa ere argitan dagoen bezala, elkartasuna dugu geure artean, eta haren Seme Jesusen odolak bekatu guztitik garbitzen gaitu.
Bekatuari uko egin
8Bekaturik ez dugula esaten badugu, geure burua engainatzen dugu, eta egia ez dago gure baitan.
9Geure bekatuak aitortzen baditugu, ordea, leiala eta zuzena den Jainkoak bekatuak barkatu eta gaiztakeria orotatik garbituko gaitu.
10Bekaturik ez dugula egin esaten badugu, gezurti egiten dugu bera, eta haren mezua ez dugu geuregan.