1 Joan 2 EABD

1 Seme-alabatxook, bekaturik egin ez dezazuen idazten dizuet hau. Baina, norbaitek bekatu egiten badu, badugu Laguntzailea Aitaren aurrean: zuzena den Jesu Kristo.

2 Hark bere burua eskaini zuen gure bekatuak barkatzeko, eta ez gureak bakarrik, baita mundu osoarenak ere.

Bete aginduak, maitasunarena batez ere

3 Jainkoaren aginduak betetzen baditugu, ziur dakigu bera ezagutzen dugula.

4 «Ezagutzen dut Jainkoa» esan eta haren aginduak betetzen ez dituena gezurti da, eta egia ez du beregan.

5 Haren mezua onartzen duenarengan, berriz, Jainkoaren maitasuna bere betera iritsi da: horrela dakigu berarekin bat eginik gaudena.

6 Jainkoarekin bat eginda dagoela dioenak Jesusek jokatu zuen bezalaxe jokatu behar du.

7 Ene maiteok, ez dizuet agindu berririk adierazten, antzinakoa baizik, hasieratik izan duzuena. Entzun zenuten mezua da antzinako agindu hau.

8 Hala ere, adierazten dizuedan agindua berria da; hori egia dela Kristorengan eta zuengan agertzen da, desagertzen ari baita iluna eta argi egiten du jadanik egiazko argiak.

9 Argitan dagoela esan eta senideari gorroto diona ilunpetan dago oraindik.

10 Senidea maite duena argitan dago eta ez du ezerk eroraraziko.

11 Bere senideari gorroto diona, berriz, ilunpetan dago, ilunpetan dabil eta ez daki nora doan, ilunak itsutu egin baitizkio begiak

Sinestedunak munduaren aurrean

12 Zuei, seme-alabatxooi, diotsuet: Barkatu zaizkizue bekatuak Jesusen bitartez.

13 Zuei, gurasooi, diotsuet: Ezagutzen duzue hasieratik zen hura.Zuei, gazteoi, diotsuet: Garaitu duzue gaiztoa.

14 Zuei, seme-alaboi, diotsuet: Ezagutzen duzue Aita.Zuei, gurasooi, diotsuet: Ezagutzen duzue hasieratik zen hura.Zuei, gazteoi, diotsuet: Indartsu zarete eta Jainkoaren mezua zuengan tinko dago eta garaitu duzue gaiztoa.

15 Ez maitatu mundua, ezta munduko gauzak ere. Mundua maite duenak ez du bere baitan Aitarenganako maitasunik.

16 Izan ere, munduan dagoen guztia —grina txarrak, begietatik sartzen denaren gutizia eta aberastasunen harrokeria— ez dator Aitarengandik, mundutik baizik.

17 Mundua eta beronen grinak iragan egiten dira; Jainkoaren nahia betetzen duenak, berriz, betiko irauten du.

Kontuz Kristoren etsaiekin

18 Seme-alabok, azken ordua da. Entzuna duzue antikristoak etorri behar duela. Hara bada, antikristo asko agertu da dagoeneko, eta hori da azken orduaren seinalea.

19 Gure artetik atera dira, baina ez ziren benetan gutarrak. Gutarrak izan balira, gurekin jarraituko zuketen. Alabaina, argi gelditu behar zuen guztiak ez zirela gutarrak.

20 Zuek, ordea, Kristok emandako Espiritu Santua duzue zeuen baitan eta denok ezagutzen duzue egia.

21 Idazten badizuet, ez da egia ez dakizuelako, badakizuelako baizik, eta badakizue egiatik gezurrik batere ez datorrela.

22 Nor da gezurtia Jesus Mesias dela ukatzen duena baizik? Horixe da antikristoa, Aita eta Semea ukatzen dituena.

23 Semea ukatzen duenak Aita ere ukatu egiten du. Semea aitortzen duenak Aita ere berekin du.

24 Zuek eutsi tinko hasieratik entzun duzuen mezuari. Hasieratik entzun duzuenari eusten badiozue, Aitarekin eta Semearekin bat eginda egongo zarete.

25 Eta hau da Kristok egin zigun agintzaria: betiko bizia.

26 Engainatu nahi zaituztetenei buruz idatzi dizuet hau.

27 Baina zuei dagokizuenez, Jesusengandik hartu duzuen Espirituak zuengan irauten du eta ez duzue inork irakatsi beharrik, zeren haren Espirituak dena irakasten baitizue, eta irakaspen hau egiazkoa da eta ez gezurrezkoa. Beraz, hark irakatsiaren arabera, zaudete Kristorekin bat eginda.

Sinestedunen itxaropena

28 Beraz, semetxook, zaudete Kristorekin bat eginda, bera agertzean konfiantza osoa izan dezagun, eta etorriko denean, lotsaturik, harengandik urrun geldi ez gaitezen.

29 Hark Jainkoaren nahia egiten duela baldin badakizue, jakizue halaber Jainkoaren nahia egiten duen oro harengandik jaioa dela.

Kapituluak

1 2 3 4 5