1 Galaziar zentzugabeok, nork liluratu zaituzte? Ez nizuen, bada, nik Jesu Kristo gurutziltzatua begien aurrean ipini?
2 Hau besterik ez dut jakin nahi zuengandik: legea betetzeagatik ala mezuari sinesmenez erantzuteagatik hartu duzue Espiritua?
3 Horren zentzugabeak al zarete? Espirituagan uste on izanez hasi eta giza indar hutsetan ustea jarriz bukatu behar ote duzue orain?
4 Horrelako esperientzia ederrak alferrik! Zeren alferrik izango bailirateke…
5 Jainkoak Espiritua eman eta zuen artean mirariak egiten dituenean, zuek legea bete izanagatik egiten al du, ala mezuari sinesmenez erantzun diozuelako?
6 Liburu Santuak dioenez, Abrahamek sinetsi egin zuen Jainkoarengan eta, horregatik, Jainkoak zuzenetsi egin zuen.
7 Jakin ezazue, beraz, sinesmenetik bizi direnak, horiek direla Abrahamen benetako ondorengo.
8 Jainkoak jentilak sinesmenaren bidez onartuko zituela aldez aurretik ikusi zuen Liburu Santuak; horrela, aurrez adierazi zion Abrahami berri on hau: Zure bitartez bedeinkatuko ditut herri guztiak.
9 Horrela, bada, sinesmenetik bizi direnek hartzen dute bedeinkazioa Abraham sinestedunarekin batera.
10 Legeko egintzetan oinarritzen direnak, berriz, madarikaziopean daude; hau dio, izan ere, Liburu Santuak: Madarikatualegeko liburuan idatzitako guztiak gogoan hartzen eta betetzen ez dituena.
11 Gauza ageria da Jainkoak ez duela inor legea betetzeagatik onartzen; zeren Liburu Santuak baitio: Zintzoafedeari esker biziko da.
12 Legearen bideak, ordea, ez du zerikusirik sinesmenaren bidearekin; Liburu Santuak dio: Haren aginduakbetetzen dituena, berauen bidez biziko da.
13 Kristok legearen madarikaziotik askatu gaitu, bere burua guregatik madarikazio eginez, Liburu Santuak dioen bezala: Madarikatua habetik zintzilik dagoena.
14 Abrahamen bedeinkazioa Jesu Kristoren bidez jentilengana hel dadin eta Jainkoak agindutako Espiritua sinesmenaren bidez har dezagun gertatu da hori.
15 Senideok, giza adibidez baliatuz mintzatuko natzaizue: giza mailako zerbait izan arren, behar bezala eginiko testamentua ezin du inork indargabetu, ezta berari ezer erantsi ere.
16 Horra, bada: Jainkoak agintzariak Abrahami eta beronen ondorengotzari egin zizkien. Ez da «ondorengoei» esaten, asko balira bezala, «zure ondorengotzari» baizik, bakar bati buruz ari delarik, hau da, Kristori buruz.
17 Hau esan nahi dut: Jainkoak behar bezala egindako ituna ezin zuen indargabetu laurehun eta hogeita hamar urte geroago agerturiko lege batek, agintzaria indarrik gabe utziz.
18 Jainkoak emango digun ondarea legearen esku balego, ez legoke agintzariaren esku; Jainkoak, ordea, dohainik eman zion Abrahami ondarea agintzariaren bidez.
19 Zertarako da, beraz, legea? Huts egiteak salatzeko erantsia izan zen, harik eta agintzaria egin zitzaion ondorengoa etorri arte: legea aingeruek aldarrikatu zuten Moisesen bitartez.
20 Bitarteko hau, ordea, ez da bakar baten izenean ari, eta Jainkoa bat bakarra da.
21 Legea Jainkoaren agintzarien aurkakoa ote da, beraz? Ez, noski! Bizia ekartzeko gai den legea eman izan balitz, salbamena legetik zetorkeen benetan.
22 Baina Liburu Santuak dioenez, dena bekatupean gatibu dago, horrela, Jesu Kristogan sinesten dutenek sinesmenari esker har dezaten Jainkoak agindutakoa.
23 Sinesmenaren garaia heldu baino lehen, legepean gatibu geunden, sinesmena noiz agertuko zain.
24 Hala, legea zaintzaile izan genuen, Kristorengana bideratzeko, beronengan sinetsiz salbamena lor genezan.
25 Sinesmenaren garaia helduz gero, ordea, ez gaude gehiago zaintzailearen menpe.
26 Guztiok Jainkoaren seme-alaba zarete, Jesu Kristogan duzuen sinesmenari esker.
27 Izan ere, bataioaz Kristorekin lotuak izan zareten guztiok, soinekoz bezala Kristoz jantziak zaudete.
28 Ez da jadanik bereizketarik juduaren eta judu ez denaren artean, esklaboaren eta librearen artean, gizonezkoaren eta emakumezkoaren artean, zuek guztiok bat baitzarete Kristo Jesusengan.
29 Eta Kristorenak baldin bazarete, Abrahamen ondorengo zarete, Jainkoaren agintzariaren oinordeko.