Galaziarrei 4 EABD

1 Hau esan nahi dut: oinordekoa adingabekoa den bitartean, esklaboaren pareko da, denen jabe izan arren.

2 Zaintzaile eta administratzaileen menpe egon ohi da, aitak ezarritako epea bete arte.

3 Halaxe gu ere: adingabekoak ginen bitartean, munduan agintzen duten indarren menpe geunden.

4 Baina epea bete zenean, Jainkoak bere Semea bidali zuen, emakumeagandik jaioa, legepeko egina,

5 legepean zeudenak askatzera, guk seme-alabatzakoa har genezan.

6 Hona hemen seme-alaba zaretenaren seinalea: Jainkoak bere Semearen Espiritua bidali du gure bihotzetara, eta Espirituak «Abba!», hau da, «Aita!» dio oihuka.

7 Orain, beraz, ez zara esklabo, seme baizik eta, seme zarenez, baita oinordeko ere, Jainkoaren borondatez.

Pauloren kezkak galaziarren jarreraz

8 Lehen, Jainkoa ezagutzen ez zenutelarik, izatez jainko ez direnen menpeko zineten;

9 orain, ordea, Jainkoa ezagutu duzuelarik edota, hobeki esan, Jainkoak ezagutu zaituztelarik, nolatan itzultzen zarete berriro funtsik eta indarrik gabeko mundutar errealitateetara? Berriro ere berauen menpeko izan nahi ote duzue?

10 Oraindik jai egiten dituzue halako edo holako egunak, hilak, aroak eta urteak!

11 Beldur naiz zuengatik hartu ditudan nekeak ez ote diren alferrik izan.

12 Senideok, bihur zaitezte, arren, ni bezalako, ni ere zuek bezalako bihurtu naizenez gero. Zuek ez zenidaten inolako kalterik egin.

13 Badakizue, gaixotasun batek eman zidala zuei lehen aldiz berri ona hots egiteko aukera.

14 Baina neure osasuna zela-eta nekagarri izan banintzaizuen ere, zuek ez ninduzuen mespretxatu, ez gaitzetsi; bestela baizik, Jainkoaren mezularitzat hartu ninduzuen, Jesu Kristo bera banintz bezala.

15 Non da orain orduko zuen poza? Zeren zuen alde aitortzen baitut, begiak ere, ahal izanez gero, aterako zenituztela niri emateko.

16 Eta orain zer? Etsai bihurtu ote natzaizue egia esan dizuedalako?

17 Beste horiek agertzen dizueten ardura ez da lege onekoa; niregandik bereizi nahi zaituztete, beraiez ardura zaitezten.

18 On zenukete onagatik arduratzea, beti ordea, ez ni zeuekin nauzuenean bakarrik.

19 Ene seme-alabok, erdiminetan nago berriro ere zuengatik, Kristo zuengan erabat moldatu arte.

20 Zuekin egon nahi nuke oraintxe bertan eta mintzaira egokia aurkitu, ez baitakit zuekin nola asmatu.

KRISTAU ASKATASUNA (4,21—6,10)

Agar eta Sara

21 Esadazue zuek, legearen menpeko izan nahi duzuenok: Ez al duzue entzun legeak dioena?

22 Izan ere, Liburu Santuak dioenez, Abrahamek bi seme izan zituen: bata mirabeagandik eta bestea libre zen emazteagandik.

23 Mirabeagandikoa giza sorbide hutsez jaio zen; emazte librearengandikoa, berriz, Jainkoaren agintzariaren indarrez.

24 Honek beste zerbait adierazten du: bi emakumeak bi itunen irudi dira; bata Sinai menditik dator eta esklabotzarako gizon-emakumeak sortzen ditu: itun honen irudia Agar da

25 (Agar izenak Arabian dagoen Sinai mendia aipatzen du), eta gaurko Jerusalemi dagokio, honek bere seme-alabekin esklabotzan irauten baitu.

26 Bestea, ordea, libre dena, goiko Jerusalemen irudi da, eta bera da gure ama.

27 Izan ere, hau dio Liburu Santuak: Egin poz-oihu emakume agor eta haur gabe horrek! Ekin kantari pozaren pozez, erdiminik izan ez duzun horrek! Bakarrik utziaren seme-alabak gehiago izango baitira, senardunarenak baino.

28 Zuek, beraz, senideok, agintzariari esker zarete seme-alaba, Isaak bezala.

29 Baina orain ere ordukoa bera gertatzen da: giza sorbide hutsez jaiotako semeak Espirituaren indarrez sorturikoa pertsegitzen du.

30 Zer dio, ordea, Liburu Santuak? Bidal itzazuetxetik mirabea eta beronen semea, honek ez baitu oinordeko izan behar librearen semearekin batera.

31 Beraz, senideok, ez gara mirabearen seme-alaba, librearenak baizik.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6