9 Baina ia aingeruen pareko egina izan zen Jesus hura ohorez eta aintzaz koroatua ikusten dugu, sufritu zuen heriotzagatik; horrela, Jainkoaren onginahiaz, gu guztion onerako jasan zuen berak heriotza.
10 Egoki zen, izan ere, Jainkoak, gauza guztien sorburu eta jomuga denak, seme-alaba guztiak bere aintzara eraman nahirik, Jesus, haiek salbamenera gidatuko zituen burua, oinazeen bidez bete-betekoa bihurtzea.
11 Izan ere, bai santu egiten duen Jesusek, bai honek santu egiten dituenek, Aita bera dute denek; horregatik, Jainkoaren Semeari ez dio lotsarik ematen hauei senide deitzeak,
12 Liburu Santuak dioenez: Hitz egingo diet zutaz neure senideei, goretsiko zaitut batzarraren erdian.
13 Beste hau ere badio: Jainkoarengan jarriko dut nik konfiantza.Baita ere: Hona ni eta hona Jainkoak eman dizkidan haurrak.
14 Familia bateko seme-alabak haragi eta odol bereko diren bezala, horrelaxe hartu zuen parte Jesusek ere gizakiaren haragi-odoletan, heriotzaren nagusi den deabrua heriotzaren bitartez indargabetzeko,
15 eta heriotzaren beldurrez beren bizitza osoan esklabo bezala bizi zirenei askatasuna emateko;