Hebrearrei 6 EABD

1 Horrela, bada, Kristori buruzko lehen mailako doktrina alde batera utzirik, has gaitezen kristau-heldutasunari dagozkionez mintzatzen, berriro oinarrizko gauzak aipatu beharrik gabe, hala nola: heriotzara daramaten egintzetatik aldentzea, Jainkoarengan sinestea,

2 bataio-modu ezberdinei buruzko doktrinak, eskuen ezartzea, hildakoen piztuera edo behin betiko auzia.

3 Horrela egingo dugu, beraz, Jainkoa lagun.

4 Izan ere, behin fedean argituak izan direnek, Jainkoaren dohaina dastatu eta Espiritu Santuarengan parte izan dutenek,

5 Jainkoaren mezu ederra eta datorren munduaren indarra probatu dituztenek,

6 fedeari uko egiten badiote, ezinezkoa dute berriro bihozberritzea, Jainkoaren Semea gurutziltzatzen ari baitira eta mundu guztiaren aurrean isekatzen.

7 Lurrak ere, gainera maiz datorkion euria xurgatu eta nekazariari probetxuzko landareak ematen badizkio, Jainkoaren bedeinkazioa du berekin;

8 baina, sasi eta sastrakak ematen baditu, ez du ezertarako balio, Jainkoak madarikatu egingo du eta, azkenik, erre egingo dute.

9 Horrela hitz egiten badizuegu ere, senide maiteok, ziur gaude, zuei dagokizuenez, jokabide guztiz jatorra duzuela, salbamena lortzeko egokia.

10 Zintzoa da, bai, Jainkoa eta ez da ahaztuko zuek egin duzuenaz, ezta, lehen nahiz orain fededunak zerbitzatuz, berari agertu diozuen maitasunaz ere.

11 Hauxe nahi genuke, hala ere: azkeneraino ager dezazuela guztiok orain arte izan duzuen ardura bera, zuen itxaropena bete-betea izatera irits dadin;

12 ez zaiteztela nagi bihur, baizik eta jarraitu fedez eta eroapenez Jainkoaren agintzariak jasotzen ari direnen etsenpluari.

Jainkoaren agintzaria Jesusengan burutua

13 Jainkoak, Abrahami agintzaria egin zionean, bere buruarengatik egin zuen zin, ez baitzuen bera baino inor handiagorik zin egiteko.

14 Esan zion: Oparo bedeinkatuko zaitut eta ondorengoak erruz ugalduko.

15 Eta, eroapenez itxaron ondoren, eskuratu egin zuen Abrahamek Jainkoaren agintzaria.

16 Gizon-emakumeek berak baino handiago den norbaitengatik egiten dute zin, eta zin eginez erabakitzen dute edozein eztabaida.

17 Horregatik, Jainkoak ere, agindutako ondasunak hartuko zituztenei beraren asmoa aldaezina zela garbi erakutsi nahirik, zin-hitzez lotu zuen bere burua.

18 Beraz, bi gauza ditugu Jainkoaren asmoa aldaezina dela adierazten digutenak: agintzaria eta zin-hitza —eta horietan Jainkoak ez dezake gezurrik esan—; horietan oinarriturik, adorez beteak sentitzen gara aurrean dugun itxaropenari eusteko.

19 Itxaropen hau geure bizitzaren aingura tinko eta segurua dugu, zeruko santutegi barruraino sartzen dena;

20 hara sartu baitzen Jesus guregatik, aitzindari gisa, Melkisedeken antzera behin betiko apaiz nagusi egina.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13