Hebrearrei 13 EABD

Kristau-jokabidea

1 Eutsi senide arteko maitasunari.

2 Izan arduratsu etxera datozkizuenak ondo hartzen, horrela jokatuz, jakin gabe etxean aingeruak hartu zituztenak ere badira eta.

3 Oroit zaitezte preso daudenez, zuek ere haiekin batera preso bazeundete bezala; oroitu tratu txarrez erabiliez, zuek ere, haiek bezala, gorputza duzue eta.

4 Hartzazue denok ezkontza errespetu handiz, eta izan garbi ezkontza-harremanetan, epaitu egingo baititu Jainkoak lizunak eta adulteriogileak.

5 Ez izan diru-gose; egon pozik duzuenarekin, Jainkoak esana baitu: Ez zaitut utziko, ez baztertuko.

6 Beraz, uste osoz esan dezakegu: Jauna dut neure alde, ez naiz beldur: zer egin dezake nire kontra gizakiak?

7 Oroit zaitezte Jainkoaren hitza hots egin zizueten zeuen zuzendariez, eta jarraitu berorien fedeari, nola bizi eta nola hil diren kontuan hartuz.

8 Jesu Kristo bat bera da atzo, gaur eta beti.

9 Ez zaitzatela edozein eratako doktrina arrotzek lilura. Garrantzizkoena Jainkoaren dohainaz barrutik sendotzea da, eta ez janariei buruzko arauez arduratzea, hauek ez baitiete ezer onik ekarri bete dituztenei.

10 Guk badugu aldare bat, eta santutegi zaharraren zerbitzura daudenek ezin dute horretan eskaintzen den oparian parte hartu.

11 Izan ere, juduen apaiz nagusiak santutegi barrura eramaten du barkamen-oparitzat eskainitako abereen odola; baina abere horien gorputzak kanpalekutik kanpora erretzen dira.

12 Horregatik, Jesusek ere, bere odolaz herria sagaratzeko, hiritik kanpora jasan zuen heriotza.

13 Goazen, bada, gu ere Jesusengana, kanpalekutik kanpora, haren desohorea bera eramanez,

14 mundu honetan ez baitaukagu hiri iraunkorrik, baizik eta geroko hiriaren bila gabiltza.

15 Beraz, Jesusen bidez eskain diezaiogun Jainkoari oparitzat etengabeko gorespena, geure ezpainez beraren izena aitortuz.

16 Ez ahaztu on egiteaz eta elkarri laguntzeaz, horrelako opariak baititu Jainkoak atsegin.

17 Egin zeuen zuzendarien esanak eta izan horien menpeko, zuetaz arduratzen baitira eta zuen kontu eman beharko baitiote Jainkoari; horrela, beren egitekoa atseginez bete ahal izango dute eta ez marmarka; honek ez lizueke inolako onik ekarriko.

18 Egizue otoitz guregatik. Gure ustez, garbi daukagu kontzientzia, gauza guztietan zintzo jokatu nahian baikabiltza.

19 Otoitz egiteko eskatzen dizuet, batez ere, berriro zuen artera laster itzul nadin.

Azken gurariak eta agurrak

20 Bakea ematen duen Jainkoari egiten diot otoitz zuen alde. Berak piztu zuen hildakoen artetik Jesus gure Jauna, betiko ituna ezartzeko bere odola isuri eta ardien Artzain handi bihurtu zena.

21 Bakearen Jainkoak gai egin zaitzatela egite on ororen bidez haren nahia betetzeko; burutu dezala guregan berari atsegin zaion guztia Jesu Kristoren bidez. Aintza beroni menderen mendetan! Amen.

22 Arren, senideok, ondo hartuko ahal duzue sermoi hau! Hitz labur batzuk erantsiz bidaltzen dizuet.

23 Jakizue askatu dutela gure anaia Timoteo. Agudo etortzen bada, berarekin joango natzaizue ikustera.

24 Agurtu zeuen zuzendariak eta fededun guztiak. Italiakoek agurtzen zaituztete.

25 Jainkoaren grazia zuekin guztiokin.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13