Santiago 1 EABD

Agurra

1 Nik, Santiagok, Jainkoaren eta Jesu Kristo Jaunaren zerbitzari honek, atzerrian zabaldurik dagoen Jainkoaren herriko guztioi, agur!

Zorionekoa probaldian sendo irauten duena

2 Senideok, egon zaitezte pozik edozein eratako tentaldik erasotzen dizuenean.

3 Dakizuenez, zuen fedeak, probaldia jasanez, eroapena dakar.

4 Eta eroapenak lortuko du bere helburua, heldutasun beteko pertsonak izan zaitezten, ezertan akatsik gabeak.

5 Zuetakoren bat jakinduria beharrean badago, eska diezaiola Jainkoari eta eman egingo dio, eskuzabal ematen baitu, inori ezer aurpegira bota gabe.

6 Baina eska dezala fedez eta inolako zalantzarik gabe, zalantzan dabilena, haizeak eraginik batetik bestera dabilen itsasoko olatua bezala baita.

7 Horrelakoak ez beza uste Jaunarengandik ezer iritsiko duenik,

8 gogo-bikoa eta bere jokabide guztietan aldakorra delarik.

9 Behe-mailakoa den senidea harro bedi Jainkoak goratu duelako;

10 aberatsa, berriz, behe-mailan jarria izan delako; izan ere, belar-lorea bezalaxe pasatzen da aberatsa.

11 Eguzkia atera eta sargoriak jotzean, zimeldu egiten da belarra, erori lorea, eta kito haren itxura ederra. Horrelaxe ihartuko dira aberatsa eta beraren egintzak.

12 Zorionekoa probaldian sendo irauten duen gizakia! Proba gainditu ondoren, bera maite dutenei Jainkoak agindu dien betiko bizia jasoko baitu sari.

Tentaldia ez dator Jainkoarengandik

13 Inork, tentaldirik duenean, ez beza esan Jainkoak tentatzen duenik. Jainkoak ez du gaizkirako tentaziorik eta ez du inor gaizkirako tentatzen ere.

14 Aitzitik, nor bere grina txarrek tentatzen dute, horiek dute liluratzen eta erakartzen.

15 Grina txarrek, erne eta gero, bekatua sortzen dute, eta bekatuak, burutu eta gero, heriotza dakar.

16 Ez engainatu zeuen buruak, senide maiteok!

17 Emaitza on eta dohain bikain oro goitik dator, Aitarengandik, aldaketarik eta ilunaldirik ez duen argien Egileagandik.

18 Berak hala nahita, bizia eman digu egiaren mezuaz, bere sorkari guztien artean lehenengo izan gaitezen.

Hitza entzun eta bete

19-20 Izan hau gogoan, senide maiteok: gizaki orok izan behar du entzuteko bizkor, hitz egiteko nagi eta haserretzeko ere nagi. Izan ere, haserreturik dagoen gizakiak ezin du Jainkoarentzat zuzen dena egin.

21 Beraz, itsuskeria oro eta hain ugari ageri den gaiztakeria bazterturik, onar ezazue otzan-otzan zuengan erein den eta zuek salbatzeko indartsu den mezua.

22 Bete ezazue mezua, eta ez entzun bakarrik, zeuen buruak engainatuz.

23 Zeren mezua entzun bakarrik egiten duena eta bete ez, bere aurpegia ispiluan ikusten duenaren antzekoa da;

24 begira egon eta alde egin orduko, ahaztu egiten zaio nolakoa den.

25 Baina askatasuna ematen duen lege bikaina hausnartu eta horri tinko eusten diona —ez erraz ahazten duen entzule bezala, benetako betetzaile bezala baizik—, hori zoriontsu izango da legea betez.

Egiazko jainkozaletasuna

26 Norbaitek, bere burua erlijiozaletzat jotzen badu, baina mihiari eusten ez badaki, bere burua engainatzen du, eta horren erlijioak ez du ezertarako balio.

27 Jainko Aitaren aurrean benetan garbi eta akats gabeko erlijioa hauxe da: umezurtz eta alargunei beren premietan laguntzea eta munduko gaiztakeriarekin nork bere burua ez kutsatzea.

Kapituluak

1 2 3 4 5