Santiago 5 EABD

Aberatsen aurka

1 Entzun orain, zuek, aberatsok! Egin negar eta aiene, gainera datozkizuen zoritxarrengatik.

2 Ustelak jota daude zuen aberastasunak, eta sitsak janda zuen jantzi dotoreak.

3 Herdoilak jota daude zuen urre-zilarrak, eta herdoil hori izango duzue lekuko zeuen kontra, eta suak bezalaxe jango du zuen haragia. Auzi aurreko azkenak diren egunotan pilatu dituzue aberastasunak.

4 Zuen soroetako uzta bildu zuten langileei ordaindu ez zenieten soldata deiadarka ari da, eta igitarien oihua Jaun ahalguztidunaren belarrietaraino iritsi da.

5 Bapo bizi izan zarete zuek hemen lurrean, atseginetara bete-betean emanak; horrela, abereak bezala gizendu zarete hilketa-egunerako.

6 Errugabea kondenatu eta hil duzue, eta inork ezin izan dizue aurre egin.

Izan pazientzia

7 Beraz, senideok, izan pazientzia Jauna etorri arte. Begira nekazariari: lurraren fruitu ederraren zain egoten da eta pazientziaz itxaroten ditu sasoian sasoiko euriak.

8 Izan pazientzia zuek ere eta bete zaitezte adorez, laster etorriko baita Jauna.

9 Senideok, ez ibili bata bestearen aurka marmarka, kondenatuak izan ez zaitezten, ate-atean baita gure epailea.

10 Senideok, har itzazue Jaunaren izenean hitz egin zuten profetak sufrimendu- eta pazientzi eredutzat.

11 Zoriontsu aitortzen ditugu horrelako eroapena izan zutenak. Ezaguna duzue Joben eroapena, eta badakizue nolako azkena eman zion Jaunak; Jauna, izan ere, bihozbera eta errukiorra baita.

Ez egin zinik

12 Baina batez ere, senideok, ez egin zinik, ez zeruarengatik, ez lurrarengatik, ezta beste edozergatik ere. Zuek esan «bai», bai denean, eta «ez», ez denean, Jainkoak kondena ez zaitzaten.

Bekatuak aitortu eta otoitz egin

13 Zuetako norbait sufritzen dagoela? Egin dezala otoitz. Pozik dagoela? Kanta ditzala gorazarreak.

14 Zuetako norbait gaixo dagoela? Dei egin diezaiela eliz arduradunei, gaixoaren alde otoitz egin eta Jaunaren izenean olioz igurtz dezaten.

15 Fedez egindako otoitzak osasuna emango dio gaixoari eta jaikiaraziko du Jaunak, eta barkatu egingo dio, bekaturik egin badu.

16 Aitortu batak besteari zeuen bekatuak eta egin otoitz elkarren alde, senda zaitezten. Indar handia du zintzoaren otoitz sutsuak.

17 Gu bezalako gizakia zen Elias ere, baina sutsu egin zuen otoitz euririk egin ez zezan, eta hiru urtez eta sei hilabetez ez zuen lurraren gainera euririk egin.

18 Gero, otoitz egin zuen berriro, eta zeruak euria eman zuen, eta lurrak bere fruitua ekarri.

Elkarren erantzule salbamen-bidean

19 Ene senideok, zuetakoren bat egiatik aldentzen bada eta beste batek itzularazten badu,

20 jakizue, bekatari bat okerreko bidetik zuzentzen duenak bere burua heriotzatik salbatzen duela, eta bekatu askoren barkamena lortzen.

Kapituluak

1 2 3 4 5