Santiago
Kapituluak 3
Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)
Mihia hezi. Kristau-maisuen erantzukizuna
1Senideok, ez zaitezte ibil denok maisu izan nahian; jakizue maisuok auzi zorrotzagoa izango dugula,
2denok baitugu askotan huts egiten. Hizketan hutsik egiten ez duena bete-beteko pertsona da, bere izate osoa menpean edukitzeko gauza dena.
3Zaldiei, menderatzeko, ahokoa jartzen diegu eta, horrela, haien gorputz osoa gidatzen.
4Horrelaxe itsasontziak ere: hain handia izan eta haize indartsuek bultzaturik ere, aski du lemazainak lema koskor bat hura nahi duen lekura gidatzeko.
5Gauza bera gertatzen da mihiarekin ere; oso gorputz-atal txikia izanik ere, duen eragin handiaz harro daiteke. Su txiki batek oihanik handiena ere erre dezake!
6Mihia ere sua da, gaiztakeriazko mundua: gure beste gorputz-atalen artean jarrita, gorputz osoa kutsatzen du eta, infernuko suaz pizturik, sutan jartzen du bizitzaren gurpila.
7Edozein basabere, hegazti, narrasti eta arrain hezi dezake gizakiak, eta hezi ere egin du.
8Baina ezin du inork mihia hezi, gaiztoa eta menderagaitza baita, pozoi hilgarriz betea.
9Berorren bidez bedeinkatzen dugu geure Jaun eta Aita, eta berorrexen bidez madarikatzen gizakia, Jainkoaren irudira egina dena.
10Aho beretik ateratzen dira bedeinkazioa eta madarikazioa. Senideok, horrek ez du horrela izan behar.
11Iturri batek berak eman ote ditzake, gero, ur geza eta gazia?
12Senideok, pikondoak ematen ote du olibarik, edota mahatsondoak pikurik? Iturri gaziak ez dezake ur gezarik eman.
Goitik datorren jakinduria
13Zuen artean jakintsua eta bizitzan asko ikasia denik badela? Erakuts dezala bere jokabide jatorraz, jakinduriari darion gozotasunean biziz.
14Baina, bekaizkeriaz eta norgehiagokeriaz beterik baldin bazaudete, ez harrotu eta ez ibili egiaren aurka gezurretan.
15Hori ez da goitiko jakinduria, lurrekoa baizik, giza maila hutsekoa eta deabruarena.
16Bekaizkeria eta norgehiagokeria diren lekuan nahasmendua eta gaiztakeri modu guztiak dira.
17Goitik datorren jakinduria, berriz, garbia da lehenik; gainera, baketsua, bihozbera, amore-emailea, errukitsua eta fruitu onak dakartzana, alderdikeria eta itxurazalekeriarik gabea.
18Bakegileek bakean ereiten dute eta fruitutzat zuzentasuna biltzen.