Santiago

Kapituluak 4

Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Jaunaren menpean jarri

1Nondik sortzen dira zeuen artean dituzuen borroka eta haserreak? Ez ote zuen baitan borrokan dabiltzan grina txarretatik? 2Zerbait irrikatu eta eskuratu ezin duzuenean, hil egiten duzue; zerbait gutiziatu eta lorrezin duzuenean, haserretu eta borroka egiten duzue. Lortzen ez baduzue, Jainkoari eskatzen ez diozuelako da. 3Eta eskatu eta hartzen ez baduzue, gaizki eskatzen duzuelako da, zeuen grina txarrak asetzeko. 4Desleial halakook! Ez al dakizue munduaren adiskide izatea Jainkoaren etsai izatea dena? Munduaren adiskide izan nahian dabilena Jainkoaren etsai egiten da. 5Ala Liburu Santua alferrik ari dela uste al duzue, hau esatean: «Irrika biziz maite du Jainkoak guregan biziarazi duen espiritua»? 6Baina handiagoa da oraindik ematen digun laguntza, hau baitio Liburu Santuak: Jainkoakaurre egiten die harroei, baina mesede egiten apalei. 7Jar zaitezte, bada, Jainkoaren menpean; egiozue aurre deabruari, eta ihes egingo du zuengandik. 8Hurbil zaitezte Jainkoarengana, eta hurbildu egingo zaizue. Bekatariok, garbi itzazue eskuak! Garbitu bihotzak, gogo-biko zaretenok. 9Aitortu zeuen zoritxarra, egin dolu eta negar. Bihur bedi zuen barrea negar, zuen poza tristura. 10Apal zaitezte Jaunaren aurrean eta berak goratuko zaituzte.

Bat bakarra epailea

11Senideok, ez ibili bata bestearengatik gaizki-esaka. Bere senideaz gaizki esaten edo hura epaitzen duenak Jainkoaren legeaz esaten du gaizki eta legea epaitzen du. Eta legea epaitzen baduzu, ez zara legearen betetzaile, epaile baizik. 12Bat bakarra da legearen emailea eta epailea, salbatzeko eta kondenatzeko eskubidea duena. Zu, ordea, nor zara zeure lagun hurkoa epaitzeko?

Harropuzkeriaren aurka

13Entzun orain zuek, hau esaten duzuenok: «Gaur edo bihar halako hirira joango gara eta urtebete emango dugu negozioak egiten eta dirua irabazten». 14Hau esaten duzue eta ez dakizue zuen bizitza bihar zer izango den. Une batez agertu eta berehala desagertzen den lainoa besterik ez zarete eta! 15Beste hau esan behar zenukete: «Jaunak nahi badu eta bizi bagara, hau eta bestea egingo dugu». 16Zuek, ordea, zeuen harrokeriaz puztuta zabiltzate, eta horrelako harrokeria guztiak txarrak dira. 17Nola on egin jakin eta egiten ez duenak bekatu egiten du.