5 Kutxaren gainean bi izaki hegaldun zeuden, Jainkoaren presentzia aintzatsua adierazten zuten kerubinak, beren hegoez kutxa gaineko estalkia babesten zutenak. Baina hau ez da gai hauetaz xehetasunez hitz egiteko unea.
6 Honela eratua zegoen, beraz, santutegia. Lehenengo aldean edozein garaitan sartzen dira apaizak beren kultu-zerbitzua betetzeko;
7 bigarren aldean, berriz, apaiz nagusia besterik ez da sartzen eta urtean behin bakarrik; eta orduan ere, bere buruaren eta herriaren hutsegiteengatik eskaini behar duen abere-odola eramanez sartzen da.
8 Honekin, hau adierazi nahi digu Espiritu Santuak: lehenengo santutegiak irauten zuen bitartean, benetako santutegirako bidea ez zegoela zabalik.
9 Izan ere, lehenengo santutegia orain gertatzen ari denaren irudi da; beraz, hor eskaintzen diren emaitza eta opariek ez dute indarrik eskaintzen dituena barrutik bete-betea egiteko;
10 izan ere, horiek guztiak janariei, edariei eta zenbait garbikuntza-ohikuneri —hau da, azaleko gauzei— dagozkien legeak besterik ez dira, Jainkoak gauzak aldatuko dituen arte balio dutenak.
11 Kristo, berriz, datozen ondasunen apaiz nagusi bezala agertu da. Bera sartu den etxola lehengoa baino hobea eta bikainagoa da, ez giza eskuz egina, hau da, ez mundu honetakoa.