Kolosarrei
Kapituluak 2
Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)
1Jakin behar duzue nolako borroka gogorrean ari naizen ni zuen alde, Laodizeakoen alde eta ni neu ikusi ez nauten beste senide guztien alde.
2Haiek adorez bete daitezen ari naiz horrela eta, maitasunean bat eginik, Jainkoaren asmo ezkutua den Kristo bere aberastasun osoan ulertzera eta sakon ezagutzera hel daitezen.
3Beronengan daude gordeak jakinduriaren eta ezagueraren ondasun guztiak.
4Arrazoi maltzurrez inork engaina ez zaitzaten diotsuet hau.
5Gorputzez zuengandik urruti egonik ere, espirituz zeuekin naukazue, pozik, Kristorengan zein egoki eta sendo sinesten duzuen ikustean.
KRISTOREKIN PIZTU DIRENEN JOKABIDE BERRIA (2,6—4,1)
Kristorengan bakarrik betetasuna
6Beraz, Kristo Jesus Jauna onartu duzuenez gero, jarraitu berari dagokionez bizitzen.
7Harengan errotuak eta oinarrituak, iraun sendo sinesmenean, irakatsi zaizuen bezala, eta eman eskerrak etengabe.
8Begira, gero, inork pentsaera eta argudio hutsalez engaina ez zaitzaten; horiek giza pentsamoldearen ondorio dira eta munduan agintzen duten indarretan oinarrituak daude, eta ez Kristorengan.
9Jainkoaren izaera Kristo gizon eginarengan dago bete-betean;
10eta zuek ere, munduko aginte eta botereen buru den Kristoren bitartez lortu duzue zeuen betetasuna.
11Zuek ere erdainduak zaudete, baina ez giza eskuz egindako erdainkuntzaz; Kristok erdaindu zaituzte, zeuen bekatuzko izaeratik askatuz.
12Bataioaren bidez Kristorekin lurperatuak izan zarete eta piztu ere, berarekin piztu zarete, bera hildakoen artetik piztu zuen Jainko ahaltsuagan sinetsi duzuelako.
13Garai batean, hilda zeundeten zeuen bekatuengatik eta zeuen bekatuzko izaeragatik; baina Jainkoak biziarazi egin zaituzte Kristorekin batera, bekatu guztiak barkaturik.
14Gu gaitzesten gintuen epai-agiria suntsitu egin du eta gurutzean josiz deuseztatu.
15Munduko aginte eta botereak indargabetu egin ditu eta denen aurrean lotsagarri agerrarazi, Kristoren bitartez haien gain garaipena lortu ondoren.
16Ez zaitzatela, beraz, inork gaitzets jan-edanak edo jaiegun, ilberri nahiz larunbatak direla eta.
17Hori guztia etortzeko ziren gauzen itzala besterik ez da; errealitatea Kristo da.
18Ez zaitzatela gaitzets apal-itxuran agertu eta aingeruen kultua atsegin duten horiek; ikuskarietan murgiltzen dira eta beren giza burutapen ergelez harropuzturik dabiltza.
19Halakoak ez daude buru den Kristorekin loturik, eta Kristo da, hain zuzen, buru bezala, lokailu eta junturen bitartez gorputz osoa elkarlotzen duena eta, Jainkoak nahi bezala, hazarazten duena.
Bilatu zeruko gauzak
20Kristorekin hil bazarete eta munduan agintzen duten indarretatik askatu, zergatik makurtzen zarete oraindik arauetara, mundukoak bazinete bezala?
21«Ez hartu, ez dastatu, ez ukitu» esaten dizuete.
22Arau horiek erabiliaren erabiliz ezerezten diren gauzei buruzkoak dira, eta giza arau eta irakaspen baino ez.
23Egia esan, irakatsi horiek badute jakinduri tankera, erlijiotasunaz, apalkuntzaz eta gorputza gogor hartzeaz ari baitira; baina ez dute ezertarako balio, norberekeria asetzeko ez bada.