Kolosarrei 4 EABD

1 Nagusiok, eman zeuen esklaboei zuzen eta bidezko dena, jakinik zuek ere baduzuela zeruan nagusia.

AZKENA (4,2-18)

Zenbait aholku

2 Izan iraupentsu otoitzean, beti erne Jainkoari eskerrak emanez.

3 Egin otoitz gure alde ere, Jainkoak mezua hots egiteko eta Kristoren misterioa adierazteko aukera eman diezagun, misterio horrengatik bainago kartzelan.

4 Egin otoitz misterioa behar bezalako hitzez adierazi ahal izan dezadan.

5 Joka ezazue zuhur kristau ez direnekin, une egokiez baliatuz.

6 Zuen hizketa izan dadila beti atsegina eta gatzduna, bakoitzari dagokion eran erantzuten jakinez.

7 Tikiko anaia maiteak, zerbitzari leial eta Jaunaren zerbitzuan lankide dudanak, emango dizue nire gorabeheren berri.

8 Horretarakoxe bidaltzen dizuet, nire berri eman diezazuen eta adorez bete zaitzaten.

9 Berarekin batera, zeuen herritar Onesimo anaia leial eta maitea bidaltzen dizuet. Hauek emango dizuete hemen gertatzen den guztiaren berri.

Azken agurra

10 Goraintziak ene kartzela-lagun Aristarko eta Bernaberen lehengusu Markosen izenean (hau zuek ikustera joango balitz, har ezazue ongi, agindua dizuedanez).

11 Goraintziak Justo deritzan Jesusen izenean ere. Judu-jatorrikoetatik hauek dira Jainkoaren erregetza zabaltzen nirekin lanean ari diren bakarrak, eta oso kontsolagarri gertatu zaizkit.

12 Herritar duzuen Epafrasek ere, Kristo Jesusen zerbitzariak, agur egiten dizue; zuen alde eginahalean otoitzean dihardu beti, tinko iraun dezazuen, Jainkoaren nahia betetzera erabat emanak.

13 Neu nauzue testigu zenbat neke hartzen duen zuengatik, baita Laodizea eta Hierapoliskoengatik ere.

14 Goraintziak Lukas sendagile maitearen eta Demasen izenean.

15 Agur itzazue Laodizeako senideak, Ninfa eta honen etxean biltzen den eliz elkartea.

16 Zuek irakurri ondoren, bidali gutun hau Laodizeako eliz elkarteari ere, irakur dezaten. Eta zuek ere irakurri Laodizeara bidali nuena.

17 Esan Arkipori, saia dadila Jaunarengandik hartu zuen eginkizuna betetzen.

18 Neure eskuz idazten dizuet azken agurra: Paulok. Oroit zaitezte kartzelan nagoela. Grazia zuekin.

Kapituluak

1 2 3 4