1 Pertsiako errege Ziroren lehen urtean, Jeremias profetaren ahoz iragarritakoa bete zuen Jaunak. Eta berak eraginda, Pertsiako errege Zirok hitzez eta idatziz bere erreinu osoan agindu hau zabaldu zuen:
2 «Honela agintzen du Pertsiako errege Zirok: Lurreko erreinu guztiak eman dizkit Jaunak, zeruetako Jainkoak, eta Judako Jerusalemen berari tenplua eraikitzeko agindu dit.
3 Beraz, zuen artean haren herriko diren guztiak igo bitez, Jainkoa lagun, Judako Jerusalemera eta han dagoen Jaunari, Israelgo Jainkoari, eraiki biezaiote etxea.
4 Bizirik gelditu diren eta itzuli nahi duten israeldarrei lagun biezaie inguruko jendeak; eman biezazkie zilarra, urrea, ondasunak, abereak eta nork bere borondatezko opariak, Jerusalemen dagoen Jainkoaren etxerako».
5 Orduan, ateratzeko prestatu ziren Judaren eta Benjaminen familietako buruak, apaizak eta lebitarrak, hots, Jerusalemen dagoen Jaunaren etxea eraikitzera joateko Jainkoak bultzaturiko guztiak.
6 Auzokoek eskuzabal lagundu zieten, eta zilar eta urrezko ontziak, ondasunak, abereak eta bitxi ederrak eman zizkieten, nork bere borondatez eskainitakoaz gainera.
7 Ziro erregeak, bere aldetik, itzuli egin zituen Jaunaren etxeko ontziak, Nabukodonosorrek Jerusalemdik hartu eta bere jainkoen etxean ipinitakoak.