Esdras 7 EABD

ESDRAS ETA ELKARTEAREN ANTOLAKETA (7,1-26)

Esdras apaiza Jerusalemen

1 Handik urteetara, Artaxerxes Pertsiako errege zela, bazen Esdras zeritzon gizon bat, Aaron apaiz nagusiaren ondorengoa. Hauek ziren beraren arbasoak: Esdras Seraiasen semea zen, hau Azariasena, hau Hilkiasena,

2 hau Xalumena, hau Tzadokena, hau Ahitubena,

3 hau Amariasena, hau Azariasena, hau Meraiotena,

4 hau Zerahiasena, hau Uzirena, hau Bukirena,

5 hau Abixuarena, hau Pinhasena, hau Eleazarrena, hau Aaronena.

6 Esdras Babiloniatik etorri zen. Lege-maisua zen, Jaunak, Israelgo Jainkoak, Moisesen bitartez emandako legean aditua. Jauna, bere Jainkoa, lagun baitzuen, eskatu guztia eman zion erregeak.

7 Artaxerxes erregearen zazpigarren urtean, israeldar talde bat eta apaiz, lebitar, kantari, atezain eta tenpluko laguntzaile batzuk etorri ziren Jerusalemera.

8 Esdras zazpigarren urteko bosgarren hilean iritsi zen.

9 Lehenengo hilaren lehen egunean erabaki zuen Babiloniatik ateratzea, eta bosgarren hilaren lehen egunean heldu zen Jerusalemera, Jainkoa baitzuen lagun.

10 Izan ere, Esdrasek egiaz prest zeukan gogoa, Jaunaren irakaspena aztertu eta betetzeko eta haren arau eta erabakiak israeldarrei irakasteko.

Artaxerxesen gutuna

11 Hona Artaxerxes erregeak Jaunaren aginduetan eta Israeli buruzko arauetan aditua zen Esdras apaiz eta lege-maisuari eman zion gutuna:

12 «Artaxerxes erregeen erregeak, Esdras apaizari, zeruetako Jainkoaren legean maisu denari, osasuna!

13 «Hona nire agindua: Jerusalemera itzuli nahi duten israeldarrak, baita apaizak eta lebitarrak ere, joan daitezke zurekin.

14 Erregeak eta beronen zazpi kontseilariek bidaltzen zaituzte, ongi ezagutzen duzun Jainkoaren legea Judan eta Jerusalemen nola betetzen den ikustera;

15 gainera, bere bizilekua Jerusalemen duen Israelgo Jainkoari erregeak eta beronen kontseilariek beren borondatez eskaintzen dizkioten urre eta zilarra eramango dituzu;

16 orobat Babilonia lurraldean biltzen duzun urre eta zilar guztia ere, herriak eta apaizek Jerusalemgo Jainkoaren etxerako beren borondatez egindako eskaintzekin batera.

17 Beraz, erabil ezazu arretaz diru hori, zezenak, ahariak, bildotsak eta labore-opari eta isur-oparietarako behar den guztia erosteko, eta eskain itzazu Jerusalemgo Jainkoaren etxeko aldarean.

18 Eta geldi litekeen zilar eta urrearekin, zeuk eta zure ahaideek hobekien deritzozuena egingo duzu, zeuen Jainkoaren borondatearen arabera.

19 Ipini Jerusalemgo Jainkoaren aurrean, zeure Jainkoaren etxeko zerbitzurako eman zaizkizun gauzak.

20 Zeure Jainkoaren etxerako behar izanen duzun guztia, erregearen altxortegitik emango dizute.

21 «Nik, Artaxerxes erregeak, Eufrates ibaiaren mendebaldeko diruzain guztiei agintzen dizuet eman diezaiozuela zehatz-mehatz Esdras apaizari, zeruetako Jainkoaren lege-maisuari, eskatutako guztia:

22 zilarretan 3.400 kiloraino, garitan 45.000 kiloraino, ardotan 4.000 litroraino eta oliotan 4.000 litroraino; gatza, berriz, neurrigabe.

23 Bete bedi arretaz zeruetako Jainkoak bere etxeari buruz agintzen duen guztia, erregearen eta beronen semeen aurka haserre ez dadin.

24 Jakinarazten dizuet, gainera, ez dela zilegi Jainkoaren etxe honetako apaiz, lebitar, atezain, laguntzaile eta zerbitzariei zergarik, petxarik eta bidesaririk kentzea.

25 «Zuk, berriz, Esdras, zeure Jainkoak eman dizun jakinduriaz, izenda itzazu lege-zaintzaile eta epaileak, zure legea ezagutzen dutenak, Eufrates ibaiaren mendebaldeko bizilagun guztiak zuzen epai ditzaten; legea ezagutzen ez dutenei, berriz, zeuk irakatsiko diezu.

26 Zure Jainkoaren legea eta erregearen agindua zintzo betetzen ez dituenari, merezi duen zigorra emango zaio: heriotza edo erbestea, isuna edo espetxea».

ESDRASEN OROITZAPENAK (7,27—10,44)

Esdrasen otoitza

27 Bedeinkatua izan bedi Jauna, gure gurasoen Jainkoa, berak baitio eragin erregeari Jerusalemen dagoen Jainkoaren etxea horrela ohoratzera.

28 Berak nireganatu du erregearen, beronen kontseilari eta handikien onginahia; horrela, kemenez bete nintzen, Jauna, nire Jainkoa, lagun bainuen, eta Israelgo buruzagi batzuk bildu nituen nirekin etor zitezen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10