1 Esdras, ahuspezturik eta negarrez, Jainkoaren etxearen aurrean otoitzean eta bekatuen aitormen hau egiten ari zela, israeldar talde handi bat —gizon, emakume eta haur— bildu zen harengana; negar batean zeuden denak.
2 Orduan, Xekanias, Elamen ondorengo Jehielen semea, honela mintzatu zitzaion Esdrasi: «Ez dugu leial jokatu geure Jainkoarekin, lurralde honetako emakume atzerritarrekin ezkonduz. Hala ere, bada oraindik itxaropenik Israel herriarentzat.
3 Hitzeman diezaiogun Jainkoari, emazte atzerritar guztiak eta haiengandik izandako seme-alabak bidali egingo ditugula, zuk eta gure Jainkoaren aginduei begirune diezuenok nahi bezala. Bete dadila legea!
4 Jaiki zaitez, arazo hau zeure gain hartu behar baituzu. Zeurekin gaituzu; ekin, beraz, kementsu!»
5 Jaiki zen Esdras eta apaizen, lebitarren eta Israel osoaren buruzagiei esana beteko zutela zin egiteko eskatu zien, eta haiek zin egin zuten.