4 Jaiki zaitez, arazo hau zeure gain hartu behar baituzu. Zeurekin gaituzu; ekin, beraz, kementsu!»
5 Jaiki zen Esdras eta apaizen, lebitarren eta Israel osoaren buruzagiei esana beteko zutela zin egiteko eskatu zien, eta haiek zin egin zuten.
6 Esdras Jainkoaren etxe aurretik Eliaxiben seme Johananen gelara joan zen, eta bertan eman zuen gaua. Ez zuen ezer jan, ez edan, erbestetik etorritakoen desleialtasunak nahigabeturik.
7 Ondoren, erbestetik itzulitako guztiak Jerusalemera bil zitezela aldarrikatu zuten Judan eta Jerusalemen.
8 Eta agintariek erabakitako hiru eguneko epean etortzen ez zenari, zigor gisa, ondasun guztiak kenduko zitzaizkion Jaunari sagaratzeko, eta erbestetik itzulitakoen elkartetik bota egingo zuten.
9 Hirugarren egunerako, bada, Judaren eta Benjaminen leinuko gizon guztiak Jerusalemen bildu ziren; bederatzigarren hilaren hogeia zen. Herri guztia Jainkoaren etxeko plazan zegoen, arazo honengatik eta ari zuen euriarengatik dar-dar.
10 Orduan, Esdras apaiza jaiki eta honela mintzatu zitzaien:—Ez zarete leial izan Jainkoarekin, emakume atzerritarrekin ezkonduz; honela handitu egin duzue Israelen errua.