9 Hirugarren egunerako, bada, Judaren eta Benjaminen leinuko gizon guztiak Jerusalemen bildu ziren; bederatzigarren hilaren hogeia zen. Herri guztia Jainkoaren etxeko plazan zegoen, arazo honengatik eta ari zuen euriarengatik dar-dar.
10 Orduan, Esdras apaiza jaiki eta honela mintzatu zitzaien:—Ez zarete leial izan Jainkoarekin, emakume atzerritarrekin ezkonduz; honela handitu egin duzue Israelen errua.
11 Aitortu orain zeuen bekatua Jaunari, zeuen gurasoen Jainkoari, eta egizue haren nahia: aldendu lurralde honetako jendearengandik eta emakume atzerritarrengandik.
12 Batzar osoak deiadar batean erantzun zuen:—Bai, zeuk esan bezala egingo dugu!
13 Baina asko gara eta euri-aroa da; kanpoan ezin gintezke egon. Gainera, arazoa ez da egun batean edo bitan erabakitzekoa, asko baikara bekatu hori egindakoak.
14 Geldi daitezela orain gure buruzagiak batzar osoaren izenean. Eta gero, erabakitako egunetan, etor daitezela hirietan emakume arrotzekin ezkondu direnak, hiri bakoitzeko agintari eta epaileekin, arazo hau dela-eta piztu dugun geure Jainkoaren haserrea guregandik urrundu arte.
15 Baina Asahelen seme Jonatan eta Tikbaren seme Jahzias erabaki honen kontra atera ziren, Mexulam eta Xabtai lebitarrak ere alde zituztela.