10 Gainera, beren izenak eskatu dizkiegu, buru dituztenenak idatziz hartu eta zuri jakinarazteko.
11 Eta hona zer erantzun diguten: “Zeru-lurren Jainkoaren zerbitzari gara, eta haren etxea ari gara jasotzen. Duela urte asko Israelgo errege handi batek eraiki eta bukatu zuen etxea;
12 baina gure gurasoek zeruetako Jainkoa haserrarazi zutelako, Babiloniako errege Nabukodonosor kaldearraren esku utzi zituen; etxe hau hondatu eta gatibu eraman zuen herria Babiloniara.
13 Babiloniako errege Zirok, ordea, bere erregealdiaren lehen urtean, Jainkoaren etxea berriro eraikitzeko agindu zuen.
14 Horrez gainera, itzuli egin zituen urre eta zilarrezko ontziak, Nabukodonosorrek Jerusalemgo tenplutik kendu eta Babiloniako jauretxera eramandakoak; Babiloniako jauretxetik atera eta gobernari izendatu zuen Xexbatzar zeritzon gizon bati eman zizkion.
15 Ontzi haiek hartu eta Jerusalemgo tenplura eramateko esan zion eta Jainkoaren etxea lehengo toki berean eraikitzeko.
16 Orduan, Xexbatzar Jerusalemera etorri zen eta Jainkoaren etxearen oinarriak jarri zituen. Harrezkero, etxea eraikitzen ari gara, eta oraindik ez dugu bukatu”.