6 Hona hemen Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernari Tatenaik, Xetar-Boznaik eta hauen funtzionario-lagunek Dario erregeari bidali zioten gutuna.
7 Honela zioen:«Dario erregeari, bakea!
8 «Jakin beza erregeak Judako eskualdera joan garela, eta han Jainko handiaren etxea harlanduz eraikitzen eta hormak zurez estaltzen ikusi ditugula. Arreta handiz dihardute lanean eta asko ari dira aurreratzen.
9 Galdetu diegu arduradunei ea nork eman dien etxea eraiki eta hormak jasotzeko baimena.
10 Gainera, beren izenak eskatu dizkiegu, buru dituztenenak idatziz hartu eta zuri jakinarazteko.
11 Eta hona zer erantzun diguten: “Zeru-lurren Jainkoaren zerbitzari gara, eta haren etxea ari gara jasotzen. Duela urte asko Israelgo errege handi batek eraiki eta bukatu zuen etxea;
12 baina gure gurasoek zeruetako Jainkoa haserrarazi zutelako, Babiloniako errege Nabukodonosor kaldearraren esku utzi zituen; etxe hau hondatu eta gatibu eraman zuen herria Babiloniara.