11 Beste hau ere agintzen dut: norbait nire agindu honetatik aldentzen bada, beraren etxetik habe bat kendu, zorroztu eta sar dezatela bertan, beraren etxea zabor-pila bihurtuz.
12 Nire erabakiak gutxietsiz, Jerusalemgo Jainkoaren etxea hondatzeko eskua luzatzen duen edozein errege edo herri eraitsi dezala bertan bizi den Jainkoak. Neuk, Dariok, ematen dut agindu hau; bete bedi zehatz-mehatz».
13 Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernari Tatenaik, Xetar-Boznaik eta berauen funtzionario-lagunek zehatz-mehatz bete zuten Dario erregeak agindua.
14 Juduen arduradunek etxegintza-lanak ongi zeramatzaten aurrera, Ageo profetaren eta Idoren seme Zakariasen hitzak adoreturik; eraiki zuten azkenik etxea, Israelgo Jainkoaren eta Pertsiako Ziro, Dario eta Artaxerxes erregeen aginduen arabera.
15 Etxea Adar hilaren hogeita hiruan bukatu zuten, Darioren erregealdiko seigarren urtean.
16 Israeldarrek, apaizek, lebitarrek eta erbestetik etorritako beste guztiek pozik ospatu zuten Jainkoaren etxearen sagarapen-jaia.
17 Jaietan ehun zezen eskaini zituzten, berrehun ahari, laurehun bildots eta hamabi aker, Israelgo leinu bakoitzeko bat, Israel osoaren bekatuen barkamena eskatuz.