1 Geroago, buruzagi batzuek hurbildu eta esan zidaten: «Israel herria, apaizak eta lebitarrak nahastu egin dira lurralde honetako jendearekin: kanaandar, hitita, periztar, jebustar, amondar, moabdar, egiptoar eta amortarrekin, eta berauen erlijio-ohitura higuingarrietan erori dira.
2 Emazte atzerritarrak hartu dituzte berentzat eta beren semeentzat; arraza santua lurralde honetako jendearekin nahastu da. Buruzagiak eta handikiak izan dira lehenengoak desleialtasun honetan».
3 Gauza hauek entzutean, urratu egin nituen neure jantziak eta soingainekoa, moztu ilea eta bizarra, eta lur jota gelditu nintzen.
4 Erbestetik etorritakoen desleialtasuna izugarria zela eta, Israelen Jainkoaren hitzari begirune zioten guztiak nire ondoan bildu ziren. Ni, lur jota, eserita egon nintzen arratsaldeko oparia arte.
5 Arratsaldeko opari-garaian atera nintzen nahigabealditik; soinekoa eta soingainekoa urraturik nituela, belauniko jarri eta Jaunarengana, neure Jainkoarengana, luzatu nituen eskuak,
6 eta esan nion: «Ene Jainko, lotsa gorrian nago begiak zuregana jasotzeko; geure bekatuek buruz gain egin digute eta gure errua zerurainokoa da.
7 Gure gurasoen egunetatik gaurdaino handia izan da gure errua; geure bekatuengatik, atzerriko erregeek menderatu egin gaituzte geu eta gure errege eta apaizak; ezpata eta gatibualdia, harrapakeria eta lotsa gorria jasan behar izan dugu, eta horixe da gaurko gure egoera.