3 Gauza hauek entzutean, urratu egin nituen neure jantziak eta soingainekoa, moztu ilea eta bizarra, eta lur jota gelditu nintzen.
4 Erbestetik etorritakoen desleialtasuna izugarria zela eta, Israelen Jainkoaren hitzari begirune zioten guztiak nire ondoan bildu ziren. Ni, lur jota, eserita egon nintzen arratsaldeko oparia arte.
5 Arratsaldeko opari-garaian atera nintzen nahigabealditik; soinekoa eta soingainekoa urraturik nituela, belauniko jarri eta Jaunarengana, neure Jainkoarengana, luzatu nituen eskuak,
6 eta esan nion: «Ene Jainko, lotsa gorrian nago begiak zuregana jasotzeko; geure bekatuek buruz gain egin digute eta gure errua zerurainokoa da.
7 Gure gurasoen egunetatik gaurdaino handia izan da gure errua; geure bekatuengatik, atzerriko erregeek menderatu egin gaituzte geu eta gure errege eta apaizak; ezpata eta gatibualdia, harrapakeria eta lotsa gorria jasan behar izan dugu, eta horixe da gaurko gure egoera.
8 Baina orain, une batez, mesede egin diguzu, Jauna, geure Jainkoa: herriaren zati bat bizirik atera duzu eta zure toki santuan bizitzen utzi diguzu; gure Jainkoa, argitu egin dituzu gure begiak eta arnasa eman geure esklabotzan.
9 Esklabo baikara; baina zuk ez gaituzu bazter utzi geure esklabotzan. Pertsiako erregeen onginahia geureganatu diguzu; biziberritu egin gaituzu, gure Jainko horren etxea eraiki eta berorren horma eroriak jasotzeko, Judan eta Jerusalemen babesa aurki dezagun.