1 Honela hitz egin zion berriro Jaunak Jonasi:
2 «Ea, zoaz Ninivera, hiri handi horretara, eta aldarrikatu bertan eman dizudan mezua».
3 Ninivera joan zen Jonas, Jaunak agindu bezala. Ninive hiria izugarri handia zen; hiru egun behar ziren alde batetik bestera zeharkatzeko.
4 Sartu zen Jonas hirian barrena eta egun osoan ibili zen mezu hau aldarrikatuz: «Berrogei egun barru erraustua izango da Ninive».
5 Ninivetarrek sinetsi egin zioten Jainkoari. Hala, baraualdi bat egitea erabaki zuten eta dolu-jantziz estali ziren, zahar eta gazte.
6 Niniveko erregea, gertatzen zenaren berri jakin zuenean, tronutik jaiki, errege-jantziak kendu eta, dolu-jantziz estalirik, errautsetan eseri zen.
7 Gero, hau aldarrikarazi zuen hirian: «Erregearen eta beronen gobernarien aginduz, gizaki eta abere, behi eta ardi, inork ez beza ezertxo ere dasta, ez bitez larra, ez bezate edan;
8 gizaki eta abere, estal bitez dolu-jantziz; egin biezaiote dei Jainkoari gartsuki; utz bitzate denek beren jokabide gaiztoak, bortxakeriazko beren egintzak.
9 Agian, Jainkoak ere atzera egingo du eta damutuko da, agian itzaliko da haren sumina, eta ez gara galduko».
10 Ikusi zuen Jainkoak beren jokabide gaiztoetatik atzera egin zutena, eta damutu egin zen haiei egindako mehatxuaz eta ez zuen bete.