1 Hamabi urte ziren Nabukodonosor Ninive hiri handian asiriarren errege zela. Aldi berean, Arfaksad zen mediarren errege Ekbatanan.
2 Honek harlanduzko harresia eraiki zuen Ekbatanaren inguruan; harri bakoitza metro eta erdi zen zabal eta hiru metro luze; harresia, berriz, hogeita hamabost metro zen gora eta hogeita bost zabal.
3 Harresiko ateen gainean dorreak eraiki zituen; berrogeita hamar metro ziren gora, eta oinarriak hogeita hamar zabal.
4 Ateak hogeita hamabost metro ziren gora eta hogei metro zabal; horrela, atera zitekeen gudarostea, oinezkoak ongi lerrokatuak zirela.
5 Aldi hartan, Nabukodonosor erregeak gerra egin zion Arfaksad erregeari Ragau lurraldeko lautada handian.
6 Arfaksadi mendialdeko eta Eufrates, Tigris eta Hidaspe ibaiertzetako bizilagunak bildu zitzaizkion, baita elamdarren errege Arioken lautadakoak ere. Eta beste herrialde askotako jendea ere bildu zen kaldearren aurka borrokatzera.
7 Orduan, Nabukodonosorrek, Asiriako erregeak, mezulariak bidali zituen alde guztietara: ekialdera Pertsiako jendearengana, eta mendebaldera Zilizia, Damasko, Libano eta Libano aurreko jendearengana, Mediterraneo itsasbazterrean bizi zen jendearengana;