1 Judea osoan bizi ziren israeldarrek entzun zuten Holofernesek, asiriarren errege Nabukodonosorren gudalburu nagusiak, herrialde haietan egin zuena eta nola erraustu zituen tenpluak, dena harrapatu ondoren;
2 erabat izutu eta larriturik gelditu ziren Jerusalemi eta Jaunaren, beren Jainkoaren, tenpluari zer gertatuko.
3 Izan ere, itzuli berriak ziren erbestetik, bildu berria zen Judeako herria eta sagaratu berriak zituzten Jainkoaren etxea, ontziak eta aldarea.
4 Orduan, mezulariak bidali zituzten Samaria, Kona, Bet-Horon, Belmaim, Jeriko, Koba eta Aisora hirietara eta Salemgo haranera.
5 Hala, hiri haietakoek mendi garaietako gailurrak hartu zituzten, hango herrixkak gotortu, borrokarako prestatu eta janariak metatu, uzta bildu berria baitzuten.
6 Aldi hartan Jerusalemgo apaiz nagusia zen Joakimek gutuna idatzi zien Betulia eta Betomestaim hirietakoei. Hiri hau Esdrelon aurrean dago, Dotaimdik hurbil dagoen lautadaren sarreran.
7 Hango mendateak hartzeko agintzen zien, huraxe baitzen Judearako bidea. Mendate haietan erraza zen etsaiak geldiaraztea, mendiartea estua baitzen eta binaka baizik ezin ziren igaro.
8 Israeldarrek bete egin zuten Joakim apaiz nagusiak eta Jerusalemen biltzen den arduradunen biltzarrak agindua.
9 Israelgo gizon guztiek oihu egin zioten sutsu Jainkoari, apaldu ziren beraren aurrean eta barau egin zuten gogotsu.
10 Beraiek eta beraien emazte, seme-alaba, abere-talde, bertan bizi ziren arrotz, langile alokatu eta esklaboek dolu-jantzia hartu zuten soinean.
11 Jerusalemen bizi ziren israeldar guztiak —gizaseme, emakume eta haurrak— tenpluaren aurrean ahuspeztu ziren, buruak errautsez estalirik, eta dolu-jantziak zabaldu zituzten Jaunaren aitzinean.
12 Aldarea ere dolu-jantziz estali zuten. Eta denek oihu egin zioten sutsu Israelen Jainkoari: etsaiei haurrak eramaten eta emakumeak harrapatzen ez uzteko, bere ondare zituen hiriak hondatzen eta toki santua profanatzen ez uzteko, iraintzen eta iseka egiten ez uzteko eskatuz.
13 Entzun zuen Jaunak haien deiadarra eta ikusi estualdia. Egun askotan jarraitu zuten barau egiten, bai Judeako herriak, bai Jerusalemgo jendeak, Jaun ahalguztidunaren tenplu aurrean.
14 Joakim apaiz nagusiak eta Jaunaren kultu-zerbitzua betetzen zuten guztiek —apaizek eta gainerako kultu-zerbitzariek— dolu-jantzia soinean zutela eskaintzen zituzten eguneroko erre-opariak, botoz agindutako opariak eta herriaren borondatezko eskaintzak.
15 Durbanteak errautsez estaliak zituzten eta oihu egiten zioten indar guztiz Jaunari, Israel herriaren alde atera zedin.