7 Orduan, Nabukodonosorrek, Asiriako erregeak, mezulariak bidali zituen alde guztietara: ekialdera Pertsiako jendearengana, eta mendebaldera Zilizia, Damasko, Libano eta Libano aurreko jendearengana, Mediterraneo itsasbazterrean bizi zen jendearengana;
8 baita Karmelen, Galaaden, Galilea Garaian, Esdrelon lautada handian,
9 Samarian eta bertako hirietan bizi zirenengana ere. Eta Jordan ibaiaz mendebaldetik Jerusalem, Batanea, Kelus, Kades eta Egiptoko ibairaino, Tafnes, Ramses eta Gesen lurralde osoraino;
10 baita Tanis eta Menfis hirietaraino eta Egipton bizi ziren guztiengana ere, Etiopiako mugetaraino.
11 Lurralde horietakoek guztiek, ordea, gutxietsi egin zuten Nabukodonosorren, Asiriako erregearen, deia eta ez zitzaizkion gerrarako elkartu, ez baitzioten beldurrik, gudalagunik gabeko gizona zelako. Eta esku-hutsik eta aurpegia lotsaz beterik itzularazi zituzten Nabukodonosorren mezulariak.
12 Nabukodonosor biziki haserretu zen lurralde haien guztien kontra eta, bere errege-aulki eta erreinuagatik, zin egin zuen mendekatuko zela Zilizia osoaz, Damasko eta Siriaz, eta ezpataz sarraskituko zituela Moab, Amon, Judea eta Egiptoko bizilagun guztiak, itsasotik itsasoraino.
13 Bere erregealdiko hamazazpigarren urtean, bere gudarostea hartu eta Arfaksad erregearen kontra gudukatu zen Nabukodonosor, eta menderatu egin zuen Arfaksaden gudaroste osoa, baita zalditeria eta gurditeria ere.