1 Holofernesek esan zion Juditi: «Izan adore, emakume; ez izan beldurrik, nik ez baitiot kalterik egiten mundu osoko errege den Nabukodonosor zerbitzatu nahi duenari.
2 Lurralde menditsu horretan bizi diren zure herritarrek arbuiatu izan ez banindute, ez niekeen nik erasoko. Baina berek nahi izan dute hori.
3 Esadazu zergatik egin duzun ihes haien artetik eta guregana etorri. Egia esan, horrexek salbatu zaitu. Izan uste on! Zure bizia ez dago arriskuan, ez gaur gauean, ezta gerora ere.
4 Inork ere ez dizu kalterik egingo; alderantziz, ongi hartuko zaitugu, Nabukodonosor erregearen, ene jaunaren, zerbitzariei dagokien bezala».
5 Juditek erantzun zion: «Entzun zure mirabe honek zure aurrean esango dituen hitzak. Gau honetan ez diot ene jaunari inolako gezurrik esango.
6 Zeure mirabe honen aholkuei kasu egiten badiezu, beteko du Jainkoak zuretzat duen asmoa eta ene jaunak ez du huts egingo bere egintzetan.
7 Gora Nabukodonosor, mundu guztiko erregea, eta gora beraren agintea! Berak bidali zaitu bizidun guztiak zentzarazteko. Zuri esker zerbitzatzen dute gizon-emakumeek eta, hori ez ezik, basapiztiak, abereak eta zeruko txoriak ere, zure indarrari esker, Nabukodonosorren eta beronen errege-etxearen menpean biziko dira.