4 Inork ere ez dizu kalterik egingo; alderantziz, ongi hartuko zaitugu, Nabukodonosor erregearen, ene jaunaren, zerbitzariei dagokien bezala».
5 Juditek erantzun zion: «Entzun zure mirabe honek zure aurrean esango dituen hitzak. Gau honetan ez diot ene jaunari inolako gezurrik esango.
6 Zeure mirabe honen aholkuei kasu egiten badiezu, beteko du Jainkoak zuretzat duen asmoa eta ene jaunak ez du huts egingo bere egintzetan.
7 Gora Nabukodonosor, mundu guztiko erregea, eta gora beraren agintea! Berak bidali zaitu bizidun guztiak zentzarazteko. Zuri esker zerbitzatzen dute gizon-emakumeek eta, hori ez ezik, basapiztiak, abereak eta zeruko txoriak ere, zure indarrari esker, Nabukodonosorren eta beronen errege-etxearen menpean biziko dira.
8 Aditu izan dugu zure jakituriaz eta iaiotasunaz mintzatzen, eta toki guztietan esan ohi da hoberena zarela erreinu osoan, jakintza handikoa eta guduetan miresgarria.
9 Guk ere entzun dugu Akiorrek zure kontseiluaren aurrean esandakoa; izan ere, Betuliakoek jaso egin zuten eta zure aurrean esandakoa adierazi zigun berak.
10 Ene jaun eta jabea, ez gutxietsi haren hitzak; izan itzazu gogoan, egia zioen eta. Ezin baitu gure herria inork zigortu, ezta ezpataz menderatu ere, baldin eta berek Jainkoaren kontra bekaturik egiten ez badute.