7 Gora Nabukodonosor, mundu guztiko erregea, eta gora beraren agintea! Berak bidali zaitu bizidun guztiak zentzarazteko. Zuri esker zerbitzatzen dute gizon-emakumeek eta, hori ez ezik, basapiztiak, abereak eta zeruko txoriak ere, zure indarrari esker, Nabukodonosorren eta beronen errege-etxearen menpean biziko dira.
8 Aditu izan dugu zure jakituriaz eta iaiotasunaz mintzatzen, eta toki guztietan esan ohi da hoberena zarela erreinu osoan, jakintza handikoa eta guduetan miresgarria.
9 Guk ere entzun dugu Akiorrek zure kontseiluaren aurrean esandakoa; izan ere, Betuliakoek jaso egin zuten eta zure aurrean esandakoa adierazi zigun berak.
10 Ene jaun eta jabea, ez gutxietsi haren hitzak; izan itzazu gogoan, egia zioen eta. Ezin baitu gure herria inork zigortu, ezta ezpataz menderatu ere, baldin eta berek Jainkoaren kontra bekaturik egiten ez badute.
11 Baina, oraingo honetan ez diote nire jaunari atzera eragingo eta esku-hutsik geldiaraziko; gainera etorriko zaie heriotza, zeren, gaiztakeria egiten duten bakoitzean, Jainkoa haserrarazten baitute; eta, hain zuzen ere, bekatuak menpean hartuak ditu orain:
12 janaririk gabe gelditzean eta ur guztia ahitzean, beren abereak jaten hasteko asmoa dute, baita Jainkoaren legeak debekatuak dituen janariak ere.
13 Jerusalemen gure Jainkoaren tenpluan zerbitzatzen duten apaizentzat arretaz gorde dituzten gari-hasikinak eta ardo eta olioaren hamarrenak ere jatea erabaki dute, nahiz eta herriko inork ez duen eskubiderik gauza horiek eskuz ukitzeko ere.