12 Lotsagarri izango bailitzateke halako emakumeari joaten uztea berarekin harremanik izan gabe. Amore emanarazten ez badiogu, iseka egingo digu».
13 Holofernesen aurretik alde egin, Juditengana joan eta esan zion Bagoak:—Ez izan zalantzarik, emakume eder horrek, nire jaunarengana joateko. Ohoratu egin nahi zaitu. Gurekin jan eta edango duzu alaikiro; horrela, Nabukodonosorren jauregian bizi diren emakume asiriarren antzera biziko zara.
14 Juditek erantzun zion:—Nor naiz ni neure jaunari ezetza emateko? Atsegin duen guztia egiten lehiatuko naiz eta pozgarri izango dut hori bizitza guztian.
15 Jaiki zen Judit eta soineko eta emakume-apaindura guztiak jantzi zituen. Beraren mirabeak, aurrez sarturik, ardi-larrua zabaldu zuen lurrean Holofernesen aitzinean. Ardi-larrua Bagoak Juditi emana zen, beraren gainean etzanik jateko egunero erabil zezan.
16 Sartu zen Judit eta etzan zen lurrean. Bihotza taupaka hasi eta barrua dardaratu egin zitzaion Holofernesi, eta berarekin elkartzeko irrika sutu zitzaion. Izan ere, ikusi zuen egun beretik, emakume hura beregana erakartzeko egokiera bila zebilen.
17 Holofernesek esan zion:—Edan ezazu eta poztu gurekin.
18 Juditek erantzun zion:—Edango dut, bai, ene jauna; hauxe baitut neure bizitzako egunik handiena.