14 Juditek esan zien ahots handiz: «Goretsazue Jainkoa, goretsi! Goretsazue Jainkoa, ez baitio ukatu bere errukia Israeli. Gaur gauean, nire eskuz, hondatu egin ditu etsaiak».
15 Gero, burua zorrotik atera, denei erakutsi eta esan zien: «Hona hemen, asiriar gudarostearen gudalburu nagusia zen Holofernesen burua! Eta hona beraren ohe-sabaiko oihalak: hauexen azpian zetzan, erabat mozkortua. Emakume baten eskuz jo eta hil du Jaunak.
16 Neure bidean zaindu nauen Jaun biziarengatik diotsuet nire aurpegiak liluratu duela Holofernes, bere kalterako; baina ez duela nirekin ni lohitu eta lotsaraz nazakeen bekaturik egin».
17 Jende guztia zeharo txunditua gelditu zen eta, makurturik, Jainkoa gurtu zuten, denek batera esanez: «Goretsia zu, gure Jainko hori, zuk suntsitu baitituzu gaur zeure herriaren etsaiak!»
18 Oziasek esan zion Juditi: «Bedeinka zaitzala, ene alaba, goi-goiko Jainkoak lurreko emakume guztien gainetik; goretsia zeru-lurrak egin zituen Jainko Jauna, berak gidatu baitzaitu gure etsaien nagusiaren burua moztera.
19 Jainkoaren indarraz oroituko den herriari ez zaio inoiz ere ahaztuko zuk Jainkoarengan izandako itxaropena.
20 Eman biezazu Jainkoak beti goratua izatea eta beraren ondasunak hartzea, zeure bizia arriskuan jarri baituzu, gure herria zein zanpatua zegoen ikusirik. Gure Jainkoaren aurrean zuzen jokatuz, gure hondamendia eragotzi duzu».Eta herri osoak esan zuen: «Hala bedi! Hala bedi!»