3 Horiek, armak harturik, beren kanpalekura joango dira eta asiriar gudarosteko gudalburuak esnatuko dituzte. Gudalburuok Holofernesen oihal-etxolara joango dira lasterka, baina ez dute aurkituko. Orduan, izutu egingo dira eta ihesi joango zuen aurretik.
4 Zuek eta Israelen lurraldeko bizilagun guztiek jarraitu beroriei eta beren ihesbidean hilko dituzue.
5 Hori guztia egin aurretik, ordea, deitu Akior amondarrari, Israel herria gutxietsi eta bera gure artera hiltzera bidali zuena ikusi eta bera dela aitor dezan».
6 Etorrarazi zuten, bada, Akior Oziasen etxetik. Heldu eta jendarteko gizon baten eskuan Holofernesen burua ikustean, zorabiatu eta lurrera erori zen.
7 Jaso zutenean, makurtu egin zen Juditen oinetaraino eta, beraren aurrean ahuspezturik, esan zuen: «Goretsia zu Judako oihal-etxola guztietan! Zure entzutea izango duten nazio guztiak ikaratu egingo dira!
8 Baina esadazu egun hauetan egin duzun guztia».Jende guztiaren erdian kontatu zion Juditek atera zen egunetik mintzatzen ari zen unea arte egindako guztia.
9 Juditek hitzaldia bukatzean, herriak oihu handiak egin zituen eta hiri osoa poz-deiadarrez bete zen.