1 Asiriako errege Nabukodonosorren jauregian herri haietaz guztiez mendekatzeko erabakia hartu zuten, erregeak esan bezala. Beraren erregealdiko hogeita zortzigarren urteko lehen hilabeteko hogeita bia zen.
2 Nabukodonosorrek bere ofizial eta funtzionario guztiak bildu eta isilean zuen asmoa adierazi zien ahoz: lurralde osoa zigortzeko erabakia.
3 Haiek ontzat eman zuten erregearen deiari erantzun ez zioten guztiak hondatzea.
4 Biltzarra bukaturik, Asiriako errege Nabukodonosorrek gudalburu nagusi eta erreinuko bigarren zen Holofernesi dei egin eta esan zion:
5 «Hau dio lur osoaren jabe den errege handiak: Hara, nire aurretik alde egitean, hartu zeurekin gizon kementsuak: ehun eta hogeiren bat mila oinezko eta zalditeria handia, hamabi mila zaldunekin.
6 Eta zoaz mendebaldeko lurralde osoari erasotzera, ez entzunarena egin baitzioten nire deiari.
7 Agindu iezaiezu lur- eta ur-eskaintzak prestatzeko, mendetasunaren seinaletzat. Amorru bizian atera behar dut beraien kontra; nire gudarosteak lurralde hori guztia oinpean hartuko du eta dena harrapatzen utziko diet nire gudariei.