3 Zeure esku dituzu gure abeltegiak, gure lur eta gari-soroak, gure artalde eta behi-taldeak, baita gure kanpalekuetako eskortak ere; har itzazu zeure gogara.
4 Gure hiriak eta bertako bizilagunak zeure esklabo dituzu. Zatoz eta sar zaitez beraietan zeure gogara».
5 Heldu ziren mezulariak Holofernesengana eta adierazi zioten mezua.
6 Orduan, Mediterraneo itsasertzera jaitsi zen Holofernes bere gudarostearekin, hiri gotorretan bere gudari-taldeak ipini eta haietako gizonik aukerakoenak, berriz, bere gudarosterako hartu zituen.
7 Hirietako eta inguruetako jendeak ongietorria egin zion, koroak eramanez, danbolinak joz eta dantza eginez.
8 Holofernesek erraustu egin zituen lurralde guztiak eta oihan sakratuak moztu; izan ere, lurreko jainko guztiak suntsitzeko agindua hartua zuen; horrela, herri guztiek Nabukodonosor bakarrik adoratu eta, nork bere hizkuntzan, leinu guztiek jainkotzat har zezaten.
9 Gero, Esdrelon lautadara heldu zen Holofernes, Dotaim hiritik hurbil. Hiri hau Judeako mendikate handiaren aurrean dago.