4 Orduan, mezulariak bidali zituzten Samaria, Kona, Bet-Horon, Belmaim, Jeriko, Koba eta Aisora hirietara eta Salemgo haranera.
5 Hala, hiri haietakoek mendi garaietako gailurrak hartu zituzten, hango herrixkak gotortu, borrokarako prestatu eta janariak metatu, uzta bildu berria baitzuten.
6 Aldi hartan Jerusalemgo apaiz nagusia zen Joakimek gutuna idatzi zien Betulia eta Betomestaim hirietakoei. Hiri hau Esdrelon aurrean dago, Dotaimdik hurbil dagoen lautadaren sarreran.
7 Hango mendateak hartzeko agintzen zien, huraxe baitzen Judearako bidea. Mendate haietan erraza zen etsaiak geldiaraztea, mendiartea estua baitzen eta binaka baizik ezin ziren igaro.
8 Israeldarrek bete egin zuten Joakim apaiz nagusiak eta Jerusalemen biltzen den arduradunen biltzarrak agindua.
9 Israelgo gizon guztiek oihu egin zioten sutsu Jainkoari, apaldu ziren beraren aurrean eta barau egin zuten gogotsu.
10 Beraiek eta beraien emazte, seme-alaba, abere-talde, bertan bizi ziren arrotz, langile alokatu eta esklaboek dolu-jantzia hartu zuten soinean.