1 Biltzarraren inguruan zegoen jendearen iskanbila baretzean, Holofernesek, asiriarren gudalburuak, Mediterraneo kostaldeko gudarien eta moabdar guztien aurrean, esan zion Akiorri:
2 «Nor zara zu, Akior, eta zein zuek, efraimdarren saripeko gudariok, guri gaur honelako profezia egin eta israeldar horiei ez erasotzeko esateko, beren Jainkoak babestuko dituela eta? Ba al da Nabukodonosor beste jainkorik? Berak bidaliko du bere gudarostea eta suntsitu egingo ditu israeldarrak lurrazaletik, eta beren Jainkoak ere ez ditu libratuko.
3 Guk, Nabukodonosorren zerbitzariok, gizon bakarra bailiran zanpatuko ditugu eta ezin izango diote eutsi gure zaldien oldarrari.
4 Kiskali egingo ditugu zeharo, mendiak odoletan blai utziko ditugu eta lautadak hildakoz josiak. Ezin izango digute zutik eutsi; hil eta txikitu egingo ditugu erabat. Hala esan du Nabukodonosorrek, mundu osoko jaunak, eta haren hitzak ez dira bete gabe geldituko.
5 Eta zuk, Akior, saripeko amondar horrek, gaur gure kontra jarri eta halako hitzak bota dituzun horrek, ez nauzu aurrerantzean ikusiko, harik eta Egiptotik ihes egindako jendaila horretaz mendekatu arte.
6 Orduan, nire gudarien ezpatak eta nire ofizialen lantzak saihetsak zulatuko dizkizute. Ni itzultzean, zu ere zaurituen artean eroriko zara.