16 Atsegin izan zitzaizkien aholku haiek Holofernesi eta ofizialei, eta buruzagiek esan bezala egiteko agindu zuen Holofernesek.
17 Amondar gudari-taldea eta haiekin batera bost mila asiriar aurreratu eta, kanpalekua haranean ezarririk, israeldarren urtegi eta iturriez jabetu ziren.
18 Esauren ondorengoek eta amondarrek mendietan, Dotaim aurrean, ezarri zituzten kanpalekuak eta gudari-taldeak bidali hegoalde eta ekialdera, Kus ondoan dagoen Egrebel aurrera, Mokmur erreka ondora. Gainerako asiriar gudari-taldeak lautadan gelditu ziren, lurrazal osoa estaliz. Oihal-etxolek eta tresneriak izugarrizko zabalera hartu zuten, jendetza handia baitzen.
19 Israeldarrek deiadar egin zioten Jaunari, beren Jainkoari, kikilduak baitzeuden, etsaiak inguraturik zeuzkala eta ihesbiderik ez zutela ikustean.
20 Hogeita lau egunez egon ziren asiriarrak beren oinezko, guda-gurdi eta zaldizkoekin hiria inguratzen. Azkenean, Betuliako jendeari ahitu egin zitzaion ontzietako ura
21 eta urtegietakoa agortu. Ezin ziren egun batean ere urez ase, neurtua ematen baitzitzaien ura.
22 Haurrak makaldurik zeuden, emakumeak eta gazteak egarriak hilda, eta hiriko plazetan eta ateetako igarolekuetan erortzen ziren indarrik gabe.