13 Jaun ahalguztiduna tentatu nahi izan duzue, baina ez duzue inoiz ere beraren asmorik ulertuko.
14 Gizonaren bihotz barruan zer dagoen eta buruan zein gogoeta egiten duen jakiteko gauza ez bazarete, nola antzeman guztia egin duen Jainkoaren asmoei, nola jakin beraren burutapenak, nola ulertu beraren erabakiak? Ez, ene senideok, ez haserrarazi Jauna, gure Jainkoa.
15 Izan ere, bost egun horietan lagundu nahi ez badigu ere, nahi duenean lagun diezaguke edota, bestela, gu suntsiarazi ere bai etsaien eskuz.
16 Ez ipini baldintzarik Jaunaren, gure Jainkoaren, erabakiei; Jainkoa ez baita gizakumea bezalakoa mehatxuka ibiltzeko edota nola jokatu behar duen agintzeko.
17 Beraz, eska diezaiogun laguntzeko, beraren salbamenaren zain gaudelarik. Eta entzungo du gure eskaria, hala nahi badu.
18 «Gure belaunaldi honetan, gure egunotan ez da gure artean idolorik adoratzen duen leinurik, ez familia, ez senitarte, ez hiririk, antzina egin ohi zuten bezala.
19 Horregatik utzi zien Jainkoak etsaiei gure arbasoak ezpataz hiltzen eta dena lapurtzen. Horra zergatik jasan zuten halako hondamena.