27 Haien bihotzak suz probatu zituen bezala, gu ere, berarengana hurbiltzen garenok, zigortu egiten gaitu Jaunak; ez, ordea, gutaz mendekatzeko, zuzenarazteko baizik».
28 Oziasek erantzun zion Juditi: «Arrazoia duzu. Esan duzun guztia zentzuzkoa da, hori ezin du inork ukatu.
29 Gainera, ez duzu lehen aldia horrelako zuhurtzia agertzen duzula; herri guztiak daki txikitandik zarela buru argiko eta bihotz oneko.
30 Herria, ordea, egarriak hila dago, eta esan duguna betetzera eta baztertu ezin dugun zina egitera behartu gaitu.
31 Emakume jainkozalea zarenez, egizu otoitz gure alde. Jaunak bidaliko digu euria gure urtegiak betetzeko eta, horrela, ez gara lur joak geldituko».
32 Juditek erantzun zien hiriko arduradunei: «Entzun. Gure herriak gizaldiz gizaldi gogoan izanen duen zerbait egin behar dut.
33 Gaur gauean egon zaitezte hiriko atean. Ni neure mirabearekin atera egingo naiz. Eta hiria etsaiei emateko hitzeman duzuen epea bete baino lehen, salbatuko du Jaunak Israel nire bitartez.