3 Izan ere, soroan garagar-balak lotzen zituztenak zaintzen ari zela, eguzki beroak jo eta oheratu egin behar izan zuen eta bere hirian, Betulian, hil zen. Bere gurasoen ondoan ehortzi zuten, Dotaim eta Balamon artean dagoen landan.
4 Baziren hiru urte eta lau hilabete Judit alargundu zela, eta bere etxean bizi zen,
5 etxe gainean eraikia zuen etxola batean. Zakukia zeraman soinean eta gainetik alargun-jantzia.
6 Alargunduz gero, egunero egin ohi zuen barau, larunbat eta larunbat-bezperetan izan ezik, ilberri-egun eta bezperetan, jaietan eta israeldarren egun alaietan izan ezik.
7 Emakume oso eder eta xarmangarria zen. Manasesek, beraren senarrak, urrea eta zilarra, morroi-neskameak, abereak eta lurrak utzi zizkion, eta berak zeraman hori guztia.
8 Ez zezakeen inork ere hartaz ezer txarrik esan, Jainkoari begirune handia baitzion.
9 Entzun zituen, bada, Juditek hiriko arduradunen kontra jendeak esandako hitz gogorrak, urik ezak lur jota utziak baitzituen. Jakin zuen, orobat, Oziasek erantzun ziena, bost egunen buruan hiria asiriarren esku utziko zuela zin eginez.