1 Juditek, ahuspeztu, buru gainera errautsa bota eta soinean zeraman zakukia agerian jarri zuen. Eta Jerusalemen, Jainkoaren etxean, arratsaldeko intsentsu-eskaintza egin ohi zen ordu berean, Juditek deiadar egin zion ahots handiz Jaunari, esanez:
2 «Jauna, gure arbaso Simeonen Jainkoa! Zeuk jarri zenion Simeoni eskuan ezpata, atzerritar batzuez mendeka zedin. Izan ere, atzerritar haiek neskatxa birjina bati gerrikoa askatu, gerritik behera biluztu eta bortxatu egin zuten, neska lohituz, lotsaraziz eta desohoratuz. Esana zenuen zuk: “Ez egin horrelakorik”. Haiek, ordea, egin zuten.
3 Horregatik hilarazi zenituen haien buruzagiak, eta haiek beren makurkeria lotsagarrirako erabili zuten ohea beraien odolaz gorritu zenuen. Esklaboak eta jauntxoak batera hil zenituen, baita handikiak ere beren tronuetan.
4 Haien emazteak harrapakin eta alabak gatibu eramatea eta haien ondasun guztiak zeure seme-alaba israeldar maiteen artean banatzea nahi izan zenuen; hauek, izan ere, zure maiteminez sutan eta beren odoleko bati eginiko lohikeria hartaz higuindurik, laguntza eskatu zizuten.«Oi Jainko, ene Jainko, entzun alargun honi.
5 Zuk eginak dira lehen gertatuak, oraingoak eta gerokoak; zeuk erabakitzen duzu oraingoa eta gerokoa, eta gogoan duzuna gertatzen da.
6 Zuk erabakitako gertakizunek etorri eta esaten dute: “Hemen gaituzu!”, zeure bideak oro prest baitituzu eta aldez aurretik ikusia zeure erabakia.