7 Hona non etorri diren asiriarrak indarrean, beren zaldi eta zaldunengatik harro, beren oinezkoen indarrarengatik hanpurutsu, eta konfiantza beren babeski, lantza, arku eta habailetan jarririk. Ez dakite gerrak desegiten dituen Jauna zarela zu.
8 Jauna duzu izena. Desegizu horien ahalmena zeure kemenaz eta horien indarra zeure haserreaz! Zure tenplua profanatu nahi dute asiriar horiek; zu, Jainko aintzatsu hori, bizi zaren egoitza kutsatu nahi dute eta burdinaz desegin zure aldarea.
9 Begira zein harro diren! Jo itzazu zeure haserreaz eta emadazu niri, alargun honi, pentsatu dudana neure eskuz betetzeko ahalmena.
10 Nire hitzez liluratu eta zigor ezazu esklaboa buruzagiarekin batera eta buruzagia bere zerbitzariarekin batera. Makurrarazi horien harrokeria emakume baten bitartez.
11 Zure indarra ez baitago gudari-kopuru handiaren baitan, ezta ahalmena ere gizon indartsuen baitan. Baizik eta apalen Jainko zara zu, txikien laguntzaile, ahulen babesle, ezezagunen zaintzaile, etsaien salbatzaile.
12 Bai, bai, gure arbasoen Jainko, zure ondare den Israelen Jainko, zeru-lurren Jabe, itsasoen Egile, diren guztien Errege, entzun nire eskaria.
13 Egizu nire hitz liluragarriak jo eta hil ditzala zure itunaren, zure etxe santuaren, Sion mendiaren eta zure seme-alaben bizileku den lurraldearen kontra halako erabaki gogorrak hartu dituztenak.